Waorani emakumeekin elkarbizitza, Ekuadorrera LABORAL Kutxak eta Mundukidek antolatutako bidaian
2022-11-24
Waorani emakumeekin elkarbizitza, Ekuadorrera LABORAL Kutxak eta Mundukidek antolatutako bidaian
Irailean, 23 eta 30 urte bitarteko 10 gaztek Ekuadorrez gozatu ahal izan dute LABORAL Kutxak Mundukiderekin elkarlanean antolatutako bidaiari esker.
Emozioz beteriko esperientzia honetan murgiltzeko, Ainhoa Zubizarreta 21 urteko gaztearekin hitz egin dugu, berak dokumentatu baitu abentura hau. Bidaia honetan Waorani emakumeen egunerokotasuna ezagutu ahal izan du.
Jarraian, Ekuadorren bizi izan duen esperientzia azalduko dizuegu, zuzenean bere hitzetatik. Bertan, kultura-talka nabarmentzen du eta bizipen horrek berarentzat zer eragin izan duen azalduko digu:
“Ainhoa Zubizarreta Iturralde naiz, 21 urte ditut eta ikus-entzunezko komunikazioan graduatua naiz. LABORAL Kutxak, Mundukide fundazioaren laguntzaz bultzatutako ekimenean parte hartzeko aukera izan nuen pasa den irailean, eta iniziatiba honen komunikazioaz arduratu nintzen ikus-entzunezkoak sortuz.
Euskal Herriko beste 10 gazterekin Ekuadorrera joan nintzen esperientziak trukatzera eta bertako kultura, herritarren ahotatik ezagutzera. Bizipen honek pertsonalki eta profesionalki asko eman didala esan dezaket. Nire konfort zonatik irteten eta desikasten ikasten.
Bidaian, Amazonian jaio eta hazitako bi emakume ezagutu genituen besteak beste; Mima Omenteque Tega Baihua eta Isabel Nomenia Baihua Miipo. Txoke kultural izugarria izan zen beraien errealitatea ezagutzea. Bost egunetan hiru komunitate bisitatu genituen, eta bertako bizi kalitatea eta ohiturak ezagutzeak asko inpaktatu zidan.
Emakume izateagatik pairatu behar izan dituzten bidegabekeriek harritu ninduten gehien. Ekuadorko Amazonia oihaneko Waoraniek, zibilizazioarekin lehen harremana 1950ean izan zuten. Geroztik apurka-apurka nomada gisa bizitzetik, zibilizatu izatera pasa dira asko. Hainbat esparrutan aurrera egin arren, genero berdintasunean bada zer landu.
Komunitate Waoranietan, oraindik emakumeek arazoak izaten dituzte ikasteko. Askori ez zaie uzten emakume izate hutsagatik, eskubide hori, gizonena izan ohi delako. Gizon eta emakume bat konprometituta badaude, hau da, ezkonduta edo ezkontzeko, emakumeari ez zaio formatzen uzten. 2016az geroztik ez dira gurasoek aukeratutako gizonekin ezkontzen, baina lehen 12 urterekin eta askotan beraiek baino gizon helduago batekin. Emakume batek bi bikote izateko aukera du, eta gizonak aldiz bost. Hori bai, bikote bakoitzak komunitate ezberdin batekoa izan behar du.
Haurdunaldiei dagokienez, emakume batek bost seme-alaba izan behar ditu sozialki onespena jasotzeko, eta askotan haurdun geratzean gizonak alde egiten du. Orokorrean gizonek ez dute erantzukizunik hartzen seme-alabak zaintzeko. Gainera, komunitate hauetan gizonek duten alkoholarekiko mendekotasunak ere ez du egoera zaurgarrian dauden emakume hauen egunerokoan onik egiten.
Normalean bikotekideekin arazoak izateari beldurra diete eta isilpean eramaten dute guztia. Bidegabekeria hauei aurre egiten dien emakume gutxi altxatzen dira. Batzuk antolatuta daude eta asoziazio baten kide dira. Elkarte honi esker, txikitatik lantzen dituzten artisau produktuak saldu eta beraien seme-alaben ongizatea bermatzen dute. Geroz eta gehiago dira gizonengandik banatzen direnak, beraz honi esker autonomia lortzen dute. Diru iturri bat beraien seme-alaben hezkuntza ordaintzeko eta espazio seguru bat beraiek gustora egoteko. Tartean Isabel eta Mima daude. Bidaian zehar grabatu dudan dokumentalaren protagonistak. Ikus-entzunezkoan hau guztia nola bizi izan duten kontatzen dute besteak beste, emakume guztiok aurrera egin dezakegula erakutsiz.”
Zein da zure erreakzioa?