“What is Bertsolaritza?” dokumentala estreinatu da, munduan parekorik ez duen kultur adierazpen hori nazioartean ezagutarazteko

“What is Bertsolaritza?” dokumentala estreinatu da, munduan parekorik ez duen kultur adierazpen hori nazioartean ezagutarazteko

2 min.

“What is Bertsolaritza?” dokumentala estreinatu da, munduan parekorik ez duen kultur adierazpen hori nazioartean ezagutarazteko

Euskararen Eguna ospatu eta Euskaraldiaren lehen edizio arrakastatsua amaitu eta hurrengo egunean aurkeztu da bertsolaritzari buruz ingelesez egindako eta nazioarteko publikoari zuzendutako lehen dokumentala, What is bertsolaritza? izenekoa.

Izan ere, Euskal Herriko berezko kultur adierazpen hori munduan ezagutarazteko helburua du metraje laburreko dokumental horrek.

Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak sustatua, Bertsozale Elkarteak zuzenduta eta ekoitzia Xabi Paiaren gidoia oinarri hartuta eta LABORAL Kutxak babestua da What is Bertsolaritza?. Bertan azaltzen denez, Euskal Herriko berezko fenomenoa bada ere, bertsolaritzak lotura sakonak ditu mundu zabaleko ahozko kulturaren beste adierazpen batzuekin.

Dokumentalak, ordu erdian baino gutxiagoan, bertsolaritza zer den azaltzen du ingelesez eta hainbat hizkuntzatako (ingelesezko, frantsesezko, gaztelaniazko eta euskarazko) azpitituluekin, zein den bere testuingurua, zer-nolako pausuak eman dituen bere gaurkotasuna mantentzeko eta zer-nolako iritzia duten diziplina honen inguruan mundu osoko inprobisatzaileek. Guzti hori era dibulgatiboan egiten du, adibide esanguratsu batzuk erakutsiz, Euskal Herrian hain arrakastatsua den adierazpen hori munduari zabaldu nahian.

Euskararen kultur adierazpenik indartsuenetako bat

Duela gutxi arte, jarraitzaile-kopuru mugatua zuen euskarazko ahozko kultur adierazpena zen bertsolaritza. Gaur egun, ordea, euskararen hedapenari, Bertsozale Elkartearen lanari eta euskararen normalizazioan egindako aurrerapenari esker, folklorearen mugak erabat gainditu dituen gizarte- eta kultura-fenomenoa da bertsolaritza, hau da, kantuen bidez bat-bateko bertsoak osatzeko jarduna, eta marjinaltasunetik oso urrun dago.

Nahikoa da datu bat hori egiaztatzeko: urtero-urtero 1.000 bertso-saio baino gehiago egiten dira euskal lurraldeetan, askotariko formatuetan. Bestalde, txapelketa nazionalaren finaletan lepo bete ohi da BEC: 15.000 lagun baino gehiago elkartzen dira bi urtean behin, era guztietako gaiei buruz kantatzen duten bertsolarien jardunari adi-adi.

LABORAL Kutxan espero dugu What is bertsolaritza? dokumentalak Etxepare Institutuaren goiburuari (“Euskara, jalgi hadi mundura”) ohore egitea, eta euskal kultura eta euskara babesten jarraituko dugu betiko bokazioarekin: jendearentzat baliagarri izateko eta gure sorburua den gizartetik jaso duguna gizarteari itzultzeko bokazioarekin, hain zuzen.


Zein da zure erreakzioa?