Zabalik dago Aragoiko Gizarte Ekintzailetzako eta Gizarte Enpresentzako sarirako hautagaitzak aurkezteko epea

Zabalik dago Aragoiko Gizarte Ekintzailetzako eta Gizarte Enpresentzako sarirako hautagaitzak aurkezteko epea

2 min.

Zabalik dago Aragoiko Gizarte Ekintzailetzako eta Gizarte Enpresentzako sarirako hautagaitzak aurkezteko epea

Abian da Aragoiko Gizarte Ekintzailetzako eta Gizarte Enpresentzako Sariaren III. edizioa. Hemendik eta datorren otsailaren 28ra arte, zabalik egongo da ikuspegi berritzaile eta praktikoen bidez gizarte- edo ingurumen-aldaketa eraldatzailea sustatu nahi duten ekimen guztiak aurkezteko epea.

Sari hori Aragoiko Gobernuak sustatzen du, Aragoiko Sustapen Institutuaren bidez, eta Laboral Kutxaren laguntza du. Euren jarduerarekin gizarte-aldaketa bat sustatzeko beharra barneratuta duten eta ideia jasangarriak martxan jarriz gizartean eragin positiboa izan nahi duten mikroenpresa sortu berriei zuzenduta dago saria.

Deialdiak bi atal —Gizarte Ekintzailetzako Ekimenaren saria eta Erakunde Berritzailearen saria— baditu ere, helburu bera dute bi-biek: enpresa txikiek gizarte- eta ingurumen-erronka bat ideia berri, disruptibo eta, batez ere, jasangarrien bidez konpontzeko egiten duten ahalegina aitortzea. Hori dela eta, sari horrek enpresa-proiektu edo -ideia soil bat baino zerbait gehiago aitortzen du; hain zuzen, nabarmendu egin nahi du lan ekintzailea eta berritzailea, eta garatzen den ingurunean erabilgarria izango den gizarte-proiektu bat garatzera bideratuta dagoena. Horregatik dira garrantzitsuak beste balio osagarri batzuk, hala nola genero-berdintasuna eta diskriminazioaren aurkako borroka, elkarrekiko laguntza, berdintasuna, ekitatea eta elkartasuna, beste hainbaten artean.

Edizio honetako irabazleek jasoko duten sariak alde bikoitza izango du: prestakuntza-arlokoa eta ekonomikoa. Alde batetik, Mondragon Korporazio Kooperatiboko (MCC) Ezagutzaren Areako goi-mailako prestakuntza estrategikoko programa batean parte hartzeko aukera izango dute. Beste batetik, 10 asteko mentoringeko edo laguntza estrategikoko programa batean parte hartu ahal izango dute. Hazkundea eta nazioartekotzea izango ditu xede programak, eta nazioarteko estrategian eta merkatuan espezializatutako bi tutore-mentorek emango dute.

Ikuspegi ekonomikotik, irabazleek finantzaketa-lerro bat izango dute eskura: Gizarte Ekintzailetzaren sariari dagokionez, 25.000 euro artekoa, eta, Gizarte Enpresaren sariari dagokionez, 75.000 euro artekoa. Bi kasuetan inbertsioaren zenbatekoaren % 75eko muga egongo da. Azkenik, saridunek Laboral Kutxaren aholkularitza jaso ahal izango dute, Europako Inbertsio Bankuak sustatzen dituen akordioak eta finantzaketa-lerroak aprobetxatzeko, kreditu-kooperatiba Europako organismo horrek gizarte-ekonomiari laguntzeko dituen lerro esklusiboen erakunde emakidaduna baita.

Edizio honetarako ez baduzu proiektu bat aurkezteko denborarik, baina ekiteko ideia buruan badarabilzu, gogoratu Gaztenpresa Fundazioa zuri laguntzeko dagoela. Azaldu iezaguzu zure ideia, eta talde bat egongo da zure esanetara, ekintzailetza-prozesuan urratsez urrats gidatzeko. Gainera, aurkitu prestakuntza-ekintzak, aholkuak eta zure negozio-ideia probatzeko test batzuk.

Sari honetan parte hartzeko, beharrezkoa da izena emateko formularioa betetzea, eta lehiaketaren webgunean agertzen diren epeak eta dokumentazioa aintzat hartzea. Lehen edizioan, hauek izan ziren protagonistak: Pensumo aplikazioa, ekintza solidarioak eta jasangarriak saritzeko sortua, eta Apadrina un Olivo, olibadiak berreskuratzeko lan egiten duen proiektu bat, abandonatutako landa-eremuak berriro jendeztatzea sustatzeko formula gisa. Bestalde, iaz, honako hauek izan ziren irabazleak: Mapiser enpresa, produktuen manipulazio industriala egiten duena eta lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonek osatua; eta Senderos de Teja, landa-inguruneko despopulazioaren aurka lan egiten duen gizarte-ekimen bat.


Zein da zure erreakzioa?