Zein dira hipotekak kalkulatzeko gehien erabiltzen diren indizeak?

Zein dira hipotekak kalkulatzeko gehien erabiltzen diren indizeak?

4 min.

Zein dira hipotekak kalkulatzeko gehien erabiltzen diren indizeak?

Hipoteka bat eskatzeko orduan, elementu asko hartu behar dira kontuan. Hipoteka bati aurre egiteko gauza izango garen edo ez jakiteko, honako hiru hauek dira, gutxienez, aintzat hartu beharreko aldagaiak: etxearen balioa, gure diru-sarrerak/aurrezkiak, eta, azkenik, interes-tasa. Hirugarren aldagai hori da, segur aski, zalantza gehien sortzen dituena, eta, horregatik, interes-tasak zertan dautzan eta nola kalkulatzen diren azaltzen saiatuko gara.

Hartutako mailegutik ordaintzeko dagoen kapitalari aplikatzen zaion portzentajea da interes-tasa. Bizitza honetan denak du prezioa, diruak berak barne, eta interes-tasak haren balioa erakusten digu. Hau da, guk banketxetik diru kopuru bat mailegatu nahi izanez gero, hari zenbat ordaindu beharko geniokeen kalkulatzeko balio du.

Interes-tasa kalkulatu eta eguneratu ahal izateko, finantza-erakundeek erreferentzia-indizeak hartzen dituzte oinarrizko baliotzat. Arreta berezia eskaini beharko diegu adierazle publiko horiei, erabakigarriak izango baitira. Areago, adierazle horien arabera kalkulatuko da guk, maileguak irauten bitarte guztian, ordaindu beharko dugun interes-tasa. Adierazle horien gorabeherek nabarmen igo edo jaitsiko dute hipotekaren kuotaren prezioa.

Baliteke orain arte azaldutakoarekin galdu samar ibiltzea, baina Euribor hitza aipatuz gero, izena behintzat ezaguna egingo zaigu. Ikus dezagun hau dena ulertzen lagunduko digun adibide bat:

Hipoteka-mailegu bat eskatu nahi dugu, interes-tasa aldakorrean,  hauxe da gure finantza-erakundeak eskaintzen diguna: Euribor + 1,7. Zer interes-tasa aplikatuko zaigun jakiteko, indizearen (Euriborra) eta diferentzialaren (1,7) batuketa egin behar dugu. Mailegua eskatzeko orduan, Euriborra 1,3koa bada, interes-tasa % 3koa izango da (erreferentzia-indizearen 1,3 + diferentzialaren 1,7). Baina interes aldakorreko mailegua eskatu dugunez, datu hori berrikusi egin beharko da aldian behin (sei hilabetez edo urtean behin, normalean) eta portzentajeak gora edo behera egingo du, Euriborrak zer egiten duen.

Indize-mota desberdinak

Gaur egun gehien erabiltzen den indizea Euriborra da; ez da erabiltzen den bakarra ordea. Hor daude HMEI delakoa (Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea), CECA (Aurrezki Kutxen Konfederazioa) eta zor publikoaren barne errentagarritasunaren indizea ere. Gainera, duela gutxi IRS delakoa, Interest Rate Swap, sartu da indarrean.

IRS, edo 5 urterako interes-tasen finantza-trukea, hipoteka erreferentzia mota berri bat da eta 2012ko apirilaren 28an sartu zen indarrean. Erreferentzia berri hori tasa finkoko hipoteka kontratatu nahi dutenentzat da egokia, eta ordaindu beharreko kuotetan egonkortasun handiagoa eskaintzeko dago pentsatua. Gainera, segurtasun handiagoa ematen dio banku jarduerari; izan ere, era horretan hobeto aurreikusi ditzake bere diru-sarrerak.

Epe handiagorako indizea izanik, IRS indizeak urte baterako Euriborrak baino balio handiagoak hartuko zituela pentsa liteke. Aitzitik, egungo finantza-tirabirak direla eta, 5 urterako IRS indizea urte baterako Euriborraren azpian kokatu da, arrisku-primarik ez izateari esker; horrek, noski, egonkortasun handiagoa ematen dio finantza-gorabehera handiak dauden garaietan.

Indize berri hori alde batera utzita, gainerako indizeetan argi pixka bat egiten saiatuko gara datozen lerroetan:

  • Euriborra: Euriborra, “Europe Interbank Offered Rate” hitzen akronimoa, Europako banketxeen arteko eragiketei aplikatzen zaien interes-tasa da; hau da, banketxe batek beste batetik dirua maileguz hartzen duenean tasa gisa ordaintzea dagokion portzentajea. Haren balio kalkulatzeko, negozio-bolumen handiena duten 64 finantza-erakundek elkarri mailegatzen dioten diruaren interes-tasaren batez bestekoa egiten da. Hemen, lainformación.com-en bideo honetan, oso ondo azalduta dago hori dena (gaztelaniaz). (Euriborrak Mibor zaharra ordezkatu du. Dena dela, 2000ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko hipoteka-maileguetan Miborra erabiltzen da oraindik).
  • CECA: Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak sortutako indizea da. Haren portzentajea kalkulatzeko, bi balio mota erabiltzen dira: mailegu pertsonalak, batetik, eta aurrezki kutxetan formalizatutako hipoteka-maileguak, bestetik. Urte batetik hiru urtera bitarteko mailegu pertsonalei aplikatzen zaien tasen eta etxebizitza libre bat erosteko hipoteka-maileguetan eskaintzen diren tasen batez-bestekoan oinarri hartuta egiten da kalkulua. Jadanik ez baitago aurrezki kutxarik, indizea desagertu egin da. Gaur egun, dagoeneko indarrean dauden hipoteketan baino ez da erabiltzen.
  • HMEI: Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizeak banketxe eta aurrezki kutxek hipoteka-merkatuan egiten dituzten eskaintza desberdinen batez besteko baten bitartez lortzen dira. Indize hori hiru eratakoa izan daiteke:
    • Banketxeen indizea: Banketxeek, etxebizitza librea erosteko, hiru urterako baino gehiagorako emandako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.
    • Kutxen indizea: Kutxek, etxebizitza librea erosteko, hiru urterako baino gehiagorako onartutako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.
    • Erakunde guztien baterako indizea: Aurreko bi indizeen batez bestekoa.
  • Indize gisa orobat erabil daiteke Zor Publikoaren indizea edo Altxor bonuen sei hileko errentagarritasunarena.
Indize bat edo bestea aukeratzea, kasuan-kasuan aztertu beharko liratekeen faktoreen arabera egingo da.

Oro har esan dezakegu HMEIren balioa handiagoa izan ohi dela eta Euriborraren gainetik egon ohi dela. Hala ere, haren alde esan behar da motelago erreakzionatzen duela indizearen gora-beheren aurrean eta haren mugimenduak modu lasaiagoan eta naturalagoan gertatzen direla.

Ezaugarri orokor horiek kontuan harturik ondoriozta daitekeenez, interes-tasek behera egiten dutenean, gomendagarriagoa da Euriborra erabiltzea. Eta interes-tasek gora egiten dutenean, berriz, HMEI delakora jotzea.

Arazoa, ordea, zera da, epe luze-luzerako hipoteken kasuan, hau da, 40 edo 50 urterako hipoteken kasuan, oso litekeena dela interes-tasek hainbat goraldi eta beheraldi izatea. Kasu horietan, beraz, oso zaila da hauturik hoberena bata den ala bestea den jakitea.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Inbertsio estrategiak