Zenbat aseguru-mota daude? Eta zein kontratatzen dira gehien?

Zenbat aseguru-mota daude? Eta zein kontratatzen dira gehien?

3 min.

Zenbat aseguru-mota daude? Eta zein kontratatzen dira gehien?

Behin edo behin honako hau galdetu diozu zeure buruari, agian: aseguru-kopuru mugatua al dago? Aseguratu ezin den ezer al dago? Egia esan, ia arrisku guztiak asegura daitezke, baina baldintza batzuk bete behar dituzte. Hiru, hain zuzen ere.

Zerbait aseguratzeko baldintzak

Estali beharreko arriskua balizkoa izatea da lehen baldintza, hau da, gerta litekeen arrisku bat izatea, baina ezin da egon gauzatuko den segurtasunik, bestela ez litzateke aseguragarria izango. Arriskua gauzatzen bada, ondare- edo ekonomia-galera bat ekartzea da bigarren baldintza, hau da, interesen bat aseguratuta egotea. Eta galera hori neurtu ahal izatea da hirugarrena. Azkenean, azken baldintza horrek erabakitzen du aseguru bat egin daitekeen ala ez.

Baldintza horiek beteta, gero eta eskari handiagoa dagoenez, aseguru-etxeek ere gero eta produktu gehiago eskaintzen dituzte. Ikus ditzagun aurki daitezkeen aseguru-mota guztiak.

Aseguru-motak, aseguratu nahi dugunaren arabera

Aseguruak sailkatzeko modu asko daude, baina errazenetako bat aseguratu nahi dugunari erreparatzea da. Kasu horretan, aseguru pertsonalak, materialak eta zerbitzuetakoak ditugu.

Aseguru pertsonalak: kontratatzen dituzten pertsonei eragiten dieten arriskuak estaltzen dituzte.

  • Bizitza Arrisku Aseguruak: zuri edo zure familiari kalte-ordaina ematen diote, ezintasuna edo heriotza gertatuz gero.
  • Istripu Aseguruak: istripua baduzu, laguntza emango dizute.
  • Bizitza Aurrezki Aseguruak eta Pentsio Planak: etorkizun hobeari begira aurrezteko, errentagarritasuna lortuta.

Aseguru materialak: ondasun materialak edo ondarea babesten dituzte.

  • Auto Aseguruak. Zure ibilgailuarekin eragin ditzakezun kalteak ordaintzea bermatzen dute, baita, kontratatzen den modalitatearen arabera, ibilgailuak berak eta zuk zeuk izan ditzakezuenak ere.
  • Arrisku Anitzeko Aseguruak (etxea, erkidegoa, industria edo saltokia). Zure etxebizitza, lantokia edo saltokia babesten dituzte, kasuan kasu.
  • Erantzukizun Zibileko Aseguruak. Zuk edo zure ondasunek hirugarrenei eragin ahal dizkiezuen kalteei erantzuten diete.
  • Enpresentzako Aseguruak. Negozioen jarduera babesten dute ustekabeko gertaeren aurrean.
  • Nekazaritza Aseguruak. Nekazaritza-jarduera egoera kaltegarri askoren eraginpean egon liteke, hala nola eguraldiaren eraginpean. Nekazaritza-aseguruek horrelako gertaeren aurrean babesten dute.

Zerbitzuetako aseguruak: zerbitzu baten bidez aseguratutako pertsonaren beharrak estaltzen dituzte

  • Bidaia Asegurua. Zure joan-etorrietan izan ditzakezun ustekabeko gertaerei erantzuna ematen die.
  • Defentsa Juridikoko Asegurua. Auzibideetarako defentsa juridikoa eskaintzen dizu.

Aseguru-motak, asegurudunaren arabera

Kasu horretan, bi aseguru-mota daude: indibidualak, pertsona bat edo batzuk —familiakoak, adibidez— aseguratzen dituztenak, eta kolektiboak, enpresa bateko langileak gerta litezkeen arazoen aurrean babesteko kontratatzen direnak.

Zein dira aseguru-motarik ohikoenak?

Aseguru-moten sailkapen orokorra ikusita, galde liteke zein diren ohikoenak.

Nahitaezko Aseguruak. Arrisku batzuetan, ezbeharra gertatuz gero, ondorioek guri ez ezik hirugarrenei ere eragiten diete, baita herri-administrazioei ere, asegururik ezean haiexek ordaindu beharko bailituzkete kalte-ordainak. Horregatik asegurua kontratatzea nahitaezkoa da arlo batzuetan. Ohikoena Motordun Ibilgailuena da, eta ondoren Erantzukizun Zibileko Asegurua. Bidaia Aseguruak ere atal horren barruan sartzen dira, edozein garraiotako bidaia-txartelen prezioaren zati bat aseguru hori ordaintzeko baita. Bestalde, eskola-garraioan diharduten enpresek Erantzukizun Zibil Mugatuko Asegurua kontratatu behar dute. Eta badira beste kasu ezezagunago batzuk: arraza arriskutsuko txakur bat duenak nahitaez izan behar du Erantzukizun Zibileko Asegurua.

Gehien kontratatzen direnak eta ezagunenak. Gehien babesten ditugun arloak autoa, etxea eta osasuna dira. Etxeko Arrisku Anitzeko Aseguruen kasuan, aseguru-etxeak ohartu dira urarekin lotutako arriskuetarako estaldura zabalak eskaini behar dituztela. Izan ere, 2015eko datuen arabera, etxeetako gorabeheren % 30 urak eragindakoak izan ziren. Eta ezin dugu ahaztu Ehorzketa Asegurua. Espainiarren erdiek baino gehiagok kontratatu dute poliza bat hileta-zerbitzuetako gastuak aseguratzeko.

Aseguru pertsonalizatuak eta neurrirakoak gorantz doaz

Hasieran genioen legez, gaur egun dena edo ia dena asegura daiteke. Aseguru-etxeek kontuan izaten dute beren bezeroek oso premia zehatzak dituztela; hori dela eta, aurrera egin dute beren produktuetan eta, gaur egun, zure neurrirako poliza bat kontratatzeko aukerak eta estaldurak dituzu.

Neurrirako aseguruek oso premia zehatzak estaltzen dituzte. Adibidez, premia guztietara egokitutako Auto Aseguruak daude, esaterako LABORAL Kutxan ditugunak. Besteak beste, Hirugarrenentzako eta Arrisku Orotako Aseguruak handitu egin ditugu norberaren kontura lan egiten duten profesionalentzako estaldurekin. Era berean, norberaren neurrirako aseguru bitxiagoak egin daitezke. Adibidez, pelikula baten filmaketa babesteko, gai arriskutsuen garraio-enpresa bat babesteko edo futbol-talde bat babesteko. Batez ere profesionalek, negozioek eta enpresek aukeratzen dituzte horrelako produktuak. Horretarako daude Aseguruetako Gestore Espezialistak, hain zuzen ere. Zure konpainiak dituen arriskuak aztertu eta zehazten dituzte, eta horiek babesteko asegurua proposatzen dute.

Jakin nahi al duzu zer aseguru komeni zaizun? Zerbait aseguratu edo dagoeneko duzun aseguru bat hobetu nahi al duzu? LABORAL Kutxan banka eta aseguruen eredu bakarra dugu. Horri esker, baldintzarik onenak eskain ditzakegu, eta, gainera, bankaren eta aseguruen alorrean dituzun premia guztiak batera gestiona ditzakegu. Etorri gu ikustera!


Zein da zure erreakzioa?