Zenbat kooperatiba mota daude?

Zenbat kooperatiba mota daude?

5 min.

Zenbat kooperatiba mota daude?

Lehen edo bigarren mailakoak. Kontsumitzaileenak, nekazaritzakoak edo, geurea bezala, kreditukoak. Beste enpresa mota batzuen antzera, kooperatibak ere askotarikoak izan daitezke. Zenbat kooperatiba mota daude zehazki? Zein dira euren arteko aldeak? Onuragarria deritzogun lan egiteko modu horri buruz gehiago jakin nahi baduzu, jarraitu irakurtzen.

 Sailkapen orokorra 

Hasteko, kooperatibak lehen edo bigarren mailakoak izan daitezke. Pertsona fisikoek edo juridikoek osatutakoak lehen mailakoak dira. Hainbat kooperatibak elkarrekin osatutakoak, berriz, bigarren mailakoak dira. Lehen mailakoen barruan, uztailaren 16ko 27/1999 Kooperatiben Legearen 6. artikuluaren arabera, jarraian adierazten diren kooperatiba mota hauek daude –ez dira ez bateraezinak ez baztertzaileak beraien artean eta, autonomia-erkidego bakoitzeko araudi bereziaren bidez, lehen mailako kooperatiba moten zerrenda zabal daiteke eta arautu–:  Lan elkartuko kooperatibak, kontsumitzaile eta erabiltzaileenak, etxebizitza-kooperatibak, nekazaritzakoak, lurraren ustiaketa komunitariokoak, zerbitzuetakoak, itsasokoak, garraiolarienak, aseguruetakoak, kreditukoak, osasunekoak eta irakaskuntzakoak. Banan-banan ikusiko al ditugu?

Lan elkartuko kooperatibak: Euren lana batu eta hirugarrenei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzeko elkartu diren profesionalek osatutako kooperatibak dira. Orokorrean, enpresa bat kooperatiba dela esaten dugunean mota horretakoa izan ohi da. LABORAL Kutxa, esaterako, lan elkartuko kooperatiba da.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kooperatibak: Mota horretako kooperatiben helburua behar jakin bati aurre egitea da, adibidez, zerbitzu edo produktu batzuk era bateratuan erostea, handizka, baldintza hobeak lortzeko. MONDRAGON Korporazioak munduko kontsumo-kooperatiba handienetako bat du kide (hamargarrena banaketa sektoreko munduko rankingean): EROSKI.

Etxebizitza-kooperatibak: Etxebizitza bat (edo lokala edo bestelako ondasun higiezinen bat) merkatuan baino prezio hobean eskuratzeko helburuarekin hainbat lagun bazkide sustatzaile gisa elkartzen direnean osatzen dute etxebizitza-kooperatiba. Kooperatiba mota horren egitekoa da lurzatiak erostea, sortzea, urbanizatzea eta etxebizitza edo lokala lortzeko beharrezkoak diren obrak eta zerbitzuak burutzea. Txileko CONAVICOOP kooperatibak, adibidez, 40.000 etxebizitza eraiki ditu 1975. urtetik.

Nekazaritzako kooperatibak: Printzipioz, nekazaritzako kooperatiba nekazarien arteko elkartea da. Euren produktuak ekoiztu, eraldatu edo saltzeko elkarrekin lan egiten dute horiek. Nekazaritzako kooperatiba batzuk hornitzaileak ere badira, nekazaritza-jarduerarako beharrezkoak diren hornigaiak banatzen dizkiete bazkideei, makinak, haziak, fuel-olioa, etab. Nekazaritza sektoreko munduko rankingean lehen kooperatiba Zen Noh japoniarra da.

Lurraren ustiaketa komunitariorako kooperatibak: Nekazaritzako kooperatibetan ez bezala, lurra komunitatean ustiatzeko kooperatibetako kideek euren lurrak edo nekazaritzan ustia daitezkeen ondasunak bateratzen dituzte. Horrela, lurzati txikia duenak, ezin badu bere baliabideekin ustiatu, beste batzuei laga diezaieke erabiltzeko eskubidea (produktuaren zati baten truke, adibidez). Era berean, eskubideak laga gabe ere izan daiteke kooperatiba mota horretako bazkide, bertan lan eginez. Nekazaritzakoak baino urriagoak dira, baina Toro jatorri-deiturako upategi hau aipa dezakegu, esaterako.

Zerbitzu-kooperatibak: Euskadiko Kooperatibak arautzen dituen ekainaren 24ko 4/1993 Legearen arabera, mota horretako kooperatiben artean daude zerbitzu profesionaletakoak (artistenak, adibidez), enpresa-zerbitzuetakoak edota instituzionalak (korporazioek, fundazioek, sindikatuek… osatutakoak). Esate baterako: Smartib, artisten kooperatiba, sorkuntza-lanetan eta noizbehinkakoetan aritzen direnei lan-egitura eta diru-sarrera finkoak izaten laguntzen saiatzen dena.

Itsasoko kooperatibak: Nekazaritzakoen antzera, itsaso-jarduerak aurrera eramateko zerbitzuak edo hornikuntza eskaintzen dituzte, bazkideen lana teknikoki eta ekonomikoki hobetzeko xedearekin. Kooperatiba horietan biltzen dira, besteak beste, arrantzaleak, ontzi-jabeak, itsaski-biltzaile eta -saltzaileak eta kofradiak. Gainera, itsasoarekin, itsasadarrekin, itsas aintzirekin, errekekin eta lakuekin lotutako lan motak ere kategoria horretan sartzen dira. Espainian, itsasoko kooperatiben batasuna den UNACOMAR erakundean bilduta daude kooperatibok.

Garraiolarien kooperatibak: Garraio-enpresen titularrak edo jarduera horretan aritzeko baimena duten profesionalak biltzen dituzte, garraio-zerbitzuak antolatu edo/eta eskaintzeko. Euskadiko kooperatiben legean, garraiolarien kooperatibak zerbitzu-kooperatiben barruan sartu dituzte, baina beste erkidego batzuetan ez dute horrela egin. Kooperatiba horiek ugariak dira, Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza eta Kreditu Kooperatiben Federazioa den Erkiden izena emanda dutenak ikustea besterik ez dago hori egiaztatzeko.

Aseguru-kooperatibak: Aipatutako Euskadiko Kooperatiben Legeak dioenez, «aseguruen edozein arlotako jarduerak xede dituztenak dira aseguru-kooperatibak, eta sari finkoko erakundeak izan daitezke, edo sari aldakorrekoak edo lan elkartukoak». Autonomia Erkidego bakoitzean indarrean den aseguru pribatuaren araudiaren menpe daude. Europan, AMICE erakundeak 100 aseguru-kooperatiba baino gehiago ditu partaide. Adibidez: Mutua Madrileña Automovilista (SSPF).

Kreditu-kooperatibak: Zer esango dizugu ba, horiek dira guretzat ezagunenak! LABORAL Kutxaren antzera, bazkideen finantza-beharrei (aktiboak eta pasiboak) erantzuten diete, eta gainera, edozein kreditu-erakunderen moduan egiten dute lan. Alemanian sortu ziren XIX. mendean, ohiko bankaren aldetik laguntzarik jasotzen ez zuten ekimenei finantzaketa eta zerbitzuak eskaintzeko. Enpresa-jarduera sustatzea zuten helburu nagusi, nekazaritza eremuetan edo hirietan, eta jendearen aurrezkia bideratzeko eta industria-garapena eta enplegu-sorrera ekonomikoki laguntzeko balio zuten. Geurea kooperatibei laguntzeko sortu zen, gerora MONDRAGON Korporazioa osatu dutenei, hain zuzen.

Osasun-kooperatibak: Bazkideen edo asegurudunen eta horien onuradunen osasunaren inguruko arriskuak estaltzeko bereziki sortutako aseguru-kooperatibak dira. Sari finkoko aseguru-kooperatiben araudiaren pean daude. Osasun-kooperatibek osasungintzako profesionalak eta pertsonal ez-sanitarioa bil ditzakete, hirugarren asegurudunei arreta eskain diezaieten, eta kasu horretan, lan elkartuko aseguru-kooperatiben araudiaren menpe egongo dira. Espainian, Asisa osasun-laguntzarako konpainia Lavinia izeneko mediku-kooperatibatik sortu da.

Irakaskuntza-kooperatibak: Irakaskuntzan aritzen diren kooperatibak dira, baita eskolaz kanpoko jarduerak xede dituztenak ere. Irakasleez gain, gurasoak ere izan daitezke kooperatibako kide, eta baita adin txikikoen legezko ordezkariak edo ikasleak eurak ere: laneko bazkide edo bazkide laguntzaile. MONDRAGONen Arizmendi dugu, esaterako, 0 urtetik 21era arteko haur eta gazteei prestakuntza eskaintzen dien ikastetxea.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Autonomoentzako aholkularitza Enpresa estrategia