Zer da LABORAL Kutxaren Batzar Nagusia?
2016-04-25
Zer da LABORAL Kutxaren Batzar Nagusia?
Duela aste gutxi, Kontseilu Errektoreari buruz hitz egin genizun, LABORAL Kutxaren gobernuari buruz. Haren osaeraz, funtzionamenduaz eta eginkizunez hitz egin genuen, infografia honetan ikus dezakezun moduan, horiek lotura estua baitute kooperatibaren goi-gestioarekin. Funtsezko organoa da, jarraitu beharreko politikak zehaztu, zuzendaritza-karguak dituzten pertsonak gainbegiratu eta entitatearen ordezkari gisa jarduten baitu erakundeen, Administrazioaren eta agente ekonomiko eta sozialen aurrean. Gaur, gure entitateko oinarrizko beste organo sozialaz hitz egin nahi dizugu, gure parlamentua izango litzatekeen horretaz, LABORAL Kutxaren Batzar Nagusiaz, alegia.
Zer egiten du Batzar Nagusiak?
Demokrazia batean parlamentuan gobernuak gauzatu behar dituen eta herrialdea gobernatuko duten legeak eztabaidatu, aldatu eta onartzen diren modu berean, LABORAL Kutxan entitatearen politika orokorra erabakitzen duen eta kooperatibaren jarduerarekin lotutako funtsezko erabakiak hartzen dituen bazkideen batzar bat dugu. Erabaki horiek Kontseilu Errektoreari jakinarazten zaizkio gero, eta hark politika eta estrategien bitartez gauzatu behar ditu. Gero, Zuzendaritza Kontseiluak area eta departamentuetan ezarri beharreko ekintza eta neurri zehatzak agintzen ditu.Zer erabaki hartzen ditu eta nola egiten du?
Garai hauetan gutxi gorabehera, LABORAL Kutxan lan egiten duten pertsonen % 88ri, hau da, entitateko bazkide langile guztiei urteko ohiko bilerara dei egiten zaie. Kooperatibako gainerako bazkideei ere deitzen zaie: MONDRAGON Korporazioko kooperatibei, beren kapitala kooperatiban mantentzen jarraitzea erabaki duten bazkide erretiratuei eta bazkide bezeroei.Bertan, gestio-txostena eta urteko kontuak onartzen dira, eta izaera ekonomikoko erabaki garrantzitsuenak hartzen dira, soberakinen banaketa, esate baterako.
Kontseilu Errektoreko kideen izendapena ere erabakitzen da Batzar Nagusian. Era berean, bazkideei erantzukizunak eskatu, eta beharrezkoa izanez gero, horiek kargugabetu ditzake.
Nork aurkez ditzake proposamenak Batzar Nagusian?
Batzarretan eztabaidatu eta erabaki beharreko gaiak Kontseilu Errektoreak proposatzen ditu, baina bada bere proposamenak aurkez ditzakeen beste organo bat ere. Kontseilu Sozialaz ari gara, langileei ahotsa emateko, lan arloko eskubideak betetzen direla bermatzeko, eta langileen helburuak eta interesak ordezkatzeko organoa. Ekimen arauemaileak Batzarrera iritsi eta bertan eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko, baldintza bakar bat bete behar da, Kontseiluko bi herenen gehiengo bidez onartuak izatea.Funtzionamendu demokratikoa
Batzar Nagusian, bazkide bakoitzak boto-eskubidea du, eta “parlamentu kooperatibo” horretan garrantzi handiko hainbat erabaki hartu dira, hala nola, 2012ko ekainekoa. Egun horretan, Caja Laboral-Euskadiko Kutxako eta Ipar Kutxako bazkideek ontzat eman zuten entitate bakar batean elkartzeko Kontseilu Errektoreek egindako proposamena, eta hala, garai berri honi eman genion hasiera, zerbitzuak LABORAL Kutxa gisa eskainiz.Zein da zure erreakzioa?