Zer diote Interneten produktu kulturalen kontsumoari buruz?

Zer diote Interneten produktu kulturalen kontsumoari buruz?

3 min.

Zer diote Interneten produktu kulturalen kontsumoari buruz?

Infografia produktu kulturalen kontsumoa

Internet funtsezko zerbait bihurtu da gure bizitzetan, eta gaur egun ezinezkoa izango litzateke edozein gairen inguruko iritziak aztertzea, Sarean zer esaten den aztertu gabe. LABORAL Kutxan horixe egiten dugu, aldian behin, mota honetako gaiak aztertzeko: bankuko zerbitzu digitalak, kirol amateurra, familia, etxebizitza edo etxetresna elektrikoak eta beste kontsumo-produktu batzuen erosketa. Hilabete honetan, kultura aukeratu dugu aztergai. Zer motatako ekitaldietara joatea gustatzen zaigu? Zer-nolako edukiak gustatzen zaizkigu gehien? Hauek dira gure ondorioak, Interneten jasotako 4.300 iritzi baino gehiago aztertu ostean.

Kultura, egunerokotasunetik ihes egiteko modu bat

Aztertu ditugun iritzien % 71ren arabera, egunerokotasunetik ihes egitea bilatzen dute kulturaren bitartez. Bi modutara egiten dute. Gehienek, % 67k, hartzaile gisa egiten dute, hau da, kontzertuetara edo zinemara joanez, edo antzerki-emanaldi batekin gozatuz, esaterako. Gainerakoek, % 33k, modu proaktiboan egiten dute, hau da, kultura- eta arte-edukiak prestatuz, dantza-talde batean parte hartuz edo musika-talde batean jardunez.

Zer motatako edukiak bilatzen ditugu?

Gure inguruan oso zabala da kulturarekin lotutako jardueren aukera, eta, beraz, jendeari gehien zer interesatzen zaion jakin nahi izan dugu. % 43k diote kulturaren arloko joerekiko —musika, zinema, dantza, antzerkia…— eta gaurkotasunarekiko interesa sentitzen dutela. % 35ek, berriz, kultura exotikoen eta beste garai edo gizarte batzuetako bizimoduen inguruko informazioa biltzea dute gogoko. Bestalde, % 22k pentsamenduaren eta hausnarketaren esparrua dute gogoko, baita zientziarekin eta filosofiarekin lotutako gaiak ere.

Zer nahi dugu, ondo ibili edo pertsona ezagunak izan?

Biak, gure azterlanak emandako ondorioen arabera. Kulturaren munduan modu proaktiboan parte hartzera mugiarazten gaituzten desira nagusiak zein diren aztertu dugunean, helburu nagusiak eduki umoristikoak sortzea (memeak, txisteak eta abar), ondo ibiltzea eta dirua irabaztea direla ikusi dugu. Baina fama ere helburuetako bat da jende askorentzat.

Zer motatako ikuskizunak gustatzen zaizkigu?

Musika-jaialdiak dira erabiltzaileek sareetan gehien komentatzen dituzten adierazpen kulturalak. % 27ren ustez horiek dira beren ikuskizunik gogokoenak, eta zinema (% 20), kontzertuak (% 19), antzerkia (% 15), azokak (% 11) eta erakusketak (% 8) ditugu horien atzetik. Hori bai, pertsona batzuk mota horretako ekitaldien gehiegizko komertzializazioaz kexatzen dira, marken eta babesleen gehiegizko presentzia, janarien eta edarien garestitzea, eta neurriz kanpoko prezioak dituzten sarrerak direla eta.

Kulturara jotzea galarazten diguten aurreiritziak ditugu?

Eduki ezezagunak edo berriak kontsumitzeko orduan, batzuek aurreiritziak dituztela aitortu dute. %33ren ustez, jarduera batzuk mainstreamegiak edo, alderantziz, independenteegiak dira. % 31k hiri-tribu jakin batzuekin lotzen dituzte kontsumo kultural batzuk, %19k maila sozial jakin batzuekin eta % 17k belaunaldi bati dagozkion ohiko jarduerekin.

Errealitatea edo fikzioa, zer dugu nahiago?

Fikzioa, argi eta garbi. Pertsona guztietatik % 65ek adierazi dute hori dela gehien gustatzen zaiena, entretenigarriagoa iruditzen zaielako. Fikziozkoak ez diren generoek badute publiko fidel bat, beste pertsona batzuen bizitzak ezagutzea gogoko duena; publiko horri biografiak eta txutxu-mutxuetako aldizkariak gustatzen zaizkio batik bat, horren erakargarriak ez diren entseguak, dokumentalak edo egunkarietako erreportajeak baino gehiago, horiek aspergarriagoak iruditzen zaizkiela adierazi baitute.

Fikziozko generoen artean bestseller deiturikoak ditugu, oso egoera osasuntsuan jarraitzen baitute. Horien irakurleek amaiera zirraragarria, pertsonaia onak eta bilbe entretenigarria izan ditzala baloratzen dute gehien. Azkenik, eta musika-jaialdiek bezala, telesailek eta pelikulek ere komentario ugari eragiten dituzte.

Zein formatu eta kanal erabiltzen ditugu gehien?

Argi dago: mundu digitala ohiko formatuen aurretik jarri da. Aztertu ditugun iritziak eman dituzten pertsona gehienek pelikulak, serieak, e-bookak, online aldizkariak, podcastak eta abar kontsumitzen dituztela aitortu dute. Zergatik ditugu nahiago formatu horiek? Gehien aipatzen diren arrazoien artean, hauek ditugu: baliabide-aukera handiagoa eskaintzen dutela (% 29), zuzenean edo offline kontsumi daitezkeela (% 21), interakzio handiagoa ahalbidetzen dutela (% 26) eta azkarragoak eta erosoagoak direla (% 24). Mota horretako formatuek gora egin badute ere, horrek ez du esan nahi kulturara jotzeko beste modu batzuk erabiltzen ez ditugunik, parkeko kontzertuak, hondartzako ekitaldiak, kaleko antzerkia edo kaleko zinema, adibidez.

Nola ekoizten da gaur masa-kultura?

Interneteko dinamikek eduki kulturalen sorkuntza eragiten dute, erabiltzaileentzat nahiz erabiltzaileen aldetik. Erabiltzaile anonimoen profil berri bat edukiak sortzera ausartzen da, eta gaurkotasuna eta kultura interpretatzen dituzte mota honetako formatuak erabiliz: bideoak (% 55), tuitak (% 20), memeak (% 10), blog tematikoak (% 5), podcastak (% 5) eta beste batzuk (% 5). Erabiltzaileek aplikazioak eta sareak aprobetxatzen dituzte bitarteko tradizionalekin lehian jarduten duen ekosistema kultural berri bat sortzeko.

 

The Rubik's Cube is not just a forgotten toy from the 80's. The fact is that it's even more popular than ever before.


Zein da zure erreakzioa?