Zer dira Hal Cash transferentziak eta nola erabiltzen dira?
2021-10-27
Zer dira Hal Cash transferentziak eta nola erabiltzen dira?
Inoiz galdetu diozu zeure buruari zer den gure kutxazainetako pantailan agertzen den Hal Cash zerbitzua, eta nola erabiltzen den? SMS bidez eskudirua bidali eta jasotzeko oso modu praktikoa da. Baliagarria izan dakizuke estualdi batetik irteteko, baita zure egunerokoan erabiltzeko ere.
LABORAL Kutxan eskaintzen dizugun banku-zerbitzu bat da Hal Cash, edonori transferentzia bat azkar, seguru eta doan egiteko aukera ematen dizuna. Hartzailearen telefono-zenbakia besterik ez duzu jakin behar. Zerbitzu horren bidez, eskudirua bidal diezaiokezu nahi duzun pertsonari, SMS batek iristeko ematen duen denboran, hau da, segundo gutxi batzuetan. Hal Cash bidezko transferentziak egiteko, LABORAL Kutxaren bezeroa izan behar duzu; hartzaileak, ordea, telefono mugikorra eta dirua jasotzeko kutxazain automatiko bat soilik behar ditu.
Hal Cashek hainbat aukera eskaintzen ditu, bai zure eguneroko zereginetarako eta bai zure enpresaren funtzionamendurako ere, bidalketa bakoitzeko 600 €-ko mugarekin. Honako hauetarako erabil dezakezu, adibidez: bion lagun batentzat erositako oparia senitarteko bati ordaintzeko, afari batean dagokizun zatia jartzeko, zure semearen edo alabaren hileko paga helarazteko…; alegia, zure eguneroko bizitzarekin zerikusia duen guztirako, erabat doan baita. Baina, horrez gain, zure enpresaren aldizkako egoerak ere konpon ditzakezu; esate baterako, hornitzaileei ordaindu, zure plantillako langile bati gastu komunetarako dirua bidali eta eskudiruzko sariak ematen dituzten sustapen-ekintzak gauzatu, besteak beste. 24/7 zerbitzua denez, penintsulako edozein bazterretan bidaiatzen ari den pertsona bati edozein ordutan dirua bidaltzeko erabil dezakezu.
Dirua bidaltzeko
Erabilera oso erraza da. Dirua bidali behar baduzu, LABORAL Kutxaren bezeroa izan behar duzu, eta jarraibide hauek bete:- Zoaz gure bulegoetako batera, deitu Telebankara edo sartu Online Bankan, datu hauek eskura dituzula: dirua jaso behar duen pertsonaren telefono-zenbakia, transferentziaren zenbateko zehatza eta aldez aurretik jasotzailearekin hitzartutako 4 digituko gako bat.
- Egin ordainketa. Zure Online Bankan sartzen zarenean, «Transferentziak» atalean, sakatu alboan dagoen «Egin Hal Cash eragiketa» erlaitzean. Eraman aldean jatorrizko kontuari lotutako txartela, behar izanez gero segurtasun-egiaztapenak egin ahal izateko.
- Ordainketa egiteko unean, sistemak SMSa bidaliko du onuradunaren mugikorrera, bidalketaren zenbatekoa eta 4 digituko erreferentzia adierazteko. Dirua zerbitzuari lotutako kutxazain batetik atera ahal izateko, erreferentzia hori, zurekin hitzartutako ezkutuko gakoa, transferentziaren zenbatekoa eta bere mugikor-zenbakia behar izango ditu hartzaileak. SMSa jasotzen duen unetik, 10 eguneko epea izango du eskudirua ateratzeko. Eragiketa epe horretan burutzen ez badu, baliorik gabe geratuko da.
Dirua jasotzeko
Diruaren hartzailea bazara, berriz, bidaltzailearekin 4 digituko gakoa eta transferentziaren zenbatekoa hitzartu beharko dituzu aldez aurretik, eta SMSa heldu arte itxaron. Jasotzen duzunean, bilatu Hal Cash zerbitzua duen kutxazain bat inguruan daudenen artean, sakatu zerbitzua adierazten duen erlaitzaren gainean eta idatzi datu hauek:- Zure telefono-zenbakia
- Transferentziaren kopurua
- SMSan agertzen den erreferentzia
- Transferentzia egiten duen pertsonarekin aldez aurretik hitzartutako ezkutuko gakoa
Zein da zure erreakzioa?