Zer hartu behar da kontuan etxeko asegurua kontratatzeko?
2014-11-10
Zer hartu behar da kontuan etxeko asegurua kontratatzeko?
Etxeko asegurua kasu jakin batzuetan bakarrik da derrigorrezkoa (esaterako, hipoteka gehienek eskatu egiten dute), baina halere, zabalduenetako bat da, gure ondasunik baliotsuena eta horren edukia babestuta daudela jakiteak lasaitasuna ematen baitigu. Baina, zer hartu behar dugu kontuan bata edo bestea aukeratzeko orduan? Prezioa funtsezko irizpidea da, jakina, baina ez da aintzat hartu beharreko kontu bakarra etxeko aseguruen polizak alderatzeko orduan. LABORAL Kutxan adituak gara Bankaseguruetan eta, beraz, gu aukera gaitzazun nahi dugu. Baina, merkatuan eskaintzen diren askotariko aukerak aldera ditzazun, informaziorik onena izan dezazun ere nahi dugu.
Jarraian, hobeto aukeratzen lagun ahal dizuten funtsezko alderdi batzuk azalduko dizkizugu.
Hirugarrenei eragindako kalteak estaltzen al ditu? Materialak bakarrik edo baita pertsonalak ere? Zein zenbatekotan?
Erantzukizun zibileko estaldura aseguru baten gutxieneko estaldura da, eta hirugarrenei eragin diezaiekegun kaltea estaltzen du. Adibidez, gure hodi bat apurtzearen ondorioz bizilagunaren etxebizitzan izandako kalteak. Kalte pertsonalak izanez gero berdin.
Puntu horretan garrantzitsua da aseguruaren estaldura zenbaterainokoa den alderatzea: 150.000 eurotik aurrerakoa zenbateko gomendagarria da, nahiz eta berme handiagoko aseguruek 300.000 eurora artekoa eskainiko duten. Jakin beharra dago aseguru batzuek ordezkaritza juridikoaren gastuak ere eskaintzen dituztela, horrelakorik behar izanez gero.
Higiezinaren gaineko edozein gertakari al dago estalduraren barne? Ba al dago salbuespenik edo bete beharreko baldintzarik asegurua kobratzeko?
Aseguru-poliza batek edukitzaileari buruzko atala izan behar du, hau da, higiezinari berari buruzkoa. Atal horretan kanpoko gertakariak (suteak, uholdeak, tximistak…) sartzen dira, eta hormetan, sabaietan, zoruetan, leihoetan, uraren eta argindarraren oinarrizko instalazioetan eta abarretan eragindako kalteak estaltzen ditu. Estalduraren muga ekonomikoari erreparatu beharko diogu (kaltea konpontzearen kostua osorik estaltzen duen edo ehuneko bat bakarrik), eta baita ere salbuespenik edo baldintzarik ote dagoen.
Adibidez, haizete baten ondorioz kristal bat hausten bada, haizearen abiadura orduko 90 km-tik gorakoa denean bakarrik sartu ohi da estalduran, baina konpainia batzuek ez dute estaliko haizeak ez badu orduko 120 km-ko abiadura gainditu. Era berean, badira poliza batzuk tximistak eragindako sutea estaltzen dutenak, baina ez tximistak eragindako bestelako kalterik, suterik izan ez bada.
Zenbat eta muga edo salbuespen gehiago izan, orduan eta merkeagoa izan beharko litzateke asegurua. Nolanahi ere, erabakigarria izango da aseguru-etxearen zerbitzuaren kalitatea eta erantzuteko gaitasuna. Horregatik saiatzen gara hobeto egiten.
Eta gure ondasunak? Aseguruak babesten al ditu?
Erantzukizun zibila eta edukitzailea estaltzeaz gain, kontuan hartu behar dugu polizak edukiaren gaineko estaldura espezifikoa ere eskaintzen ote duen, hau da, etxebizitza barruan ditugun ondasunen gainekoa. Etxean ditugun baliozko gauzak zehaztu beharko dizkiogu aseguru-etxeari, bestela, gerta liteke ondasun baten gaineko erreklamaziorik egin ezinda gelditzea kontratuan sartuta ez dagoelako. Ez da ideia txarra gauza guztien argazkiak egitea, batez ere horien serie-zenbakienak, ondoren erreklamatu ahal izateko.
Kontuan izan beharko dugu, halaber, etxetresnen eta antzeko ondasunen gaineko kalteak sartuta ote dauden, bai atal horretan edo higiezinarenean. Aseguru-etxe batzuek, gainera, izozgailuko elikagaiak hondatu izanagatiko ordainak eskaintzen dituzte, argindarraren instalazioan izandako arazoren baten kasuan, esaterako.
Bitxiak eta bestelako ondasun baliotsuak ditut. Zenbaterainoko estaldura dute?
Ildo horretan, polizak berez bitxien lapurreta-asegurua ere sartuta ote duen konpara dezakegu, eta horrela bada zein balio duen. Ondasun baliotsuei dagokienez, aseguru-etxeak ondasunaren balioa berria balitz bezala estaltzen duen ikusi beharko dugu, edo erabileragatiko balio-galera deskontatzeko klausularen bat ote duen. Adibidez, etxean dugun ordenagailuak, urtebete aurretik 1.000 eurotan erositakoak, aseguru-etxearentzat 600 euroko balioa izan lezake urtea igaro ondoren.
Gainera, poliza kontratatu aurretik, baliotsutzat jotzen diren bestelako objekturik ba ote dugun zehaztu behar dugu, artelanak edo larruzko jantziak, esaterako, eta era berean, polizak mota guztietako kausak onartzen dituen edo gai horretan mugak ote dituen kontuan hartu beharko dugu. Adibidez, kasu batzuetan ondasun horien balioa estalita dago indarrez egindako lapurreta-kasuan, baina ez ebasketa izan bada (indarkeriarik gabeko lapurreta).
Alderatu beharreko beste alderdi bat da polizak lekuz aldatutako ondasunak ere kontuan hartzen ote dituen, hau da, gurekin beste leku batera eraman ditugunak. Aseguru hori baldin badugu, litekeena da ordenagailu eramangarria automobileko maletategitik lapurtzen badigute etxeko aseguruak –eta ez ibilgailuarenak- hartzea ordaina bere gain. Lapurretagatiko estaldura ere izan dezake, edo sarraila-aldaketari dagokiona; kasu horretan, apurtutako sarraila bakarrik estal dezake edo giltzak galtzea ere har dezake barruan.
Ba al dago estaldura osagarririk?
Poliza goitik behera irakurtzea komeni da, aseguruen artean estaldurak ez errepikatzeko. Esate baterako, litekeena da maskotentzako asegurua sartzea, baina guk dagoeneko haientzako aseguru berezia kontratatua izatea. Kasu horretan, klausula hori kentzea negozia dezakegu, gure benetako beharretara hobeto egokitutako prezioa lortzeko.
Aldi berean, gehien interesatzen zaizkigun estaldura osagarriak kontratatzeaz arduratu behar gara, izan ere, aukera gisa eskaini ohi dituzte, besteak beste, erantzukizunaren mugak zabaltzea edo kaltea sor ditzaketen kausa gehiago kontuan hartzea.
Laburbilduz…
Aseguru-etxeek eskaintzen dituzten paketeak anitzak direnez, askotariko prezioak eta estaldurak dituztenez, garrantzitsua da alderatzea bakoitzak zer estaltzen duen espezifikoki, eta gehien komeni zaiguna aukeratzea. Guretzat garrantzitsuena prezio merkea baldin bada, oinarrizko estaldurak eskaintzen dituen asegurua aukeratuko dugu; baina babestuago sentitu nahi badugu, apur bat garestiagoa den poliza batek lasai lo egiteko moduko kalte-ordainak eskaintzen ote dituen begiratuko dugu.
Zein da zure erreakzioa?