Zerga-finkapenaz

Zerga-finkapenaz

3 min.

Zerga-finkapenaz

Zerga-finkapena modako gaia da egungo ekonomiari buruz ari garela. Jakina denez, 2013an % 3ko defizitera iritsi arteko doikuntza-egutegi zorrotza proposatu zuen aurreko gobernuak. Hala ere, 2011n desbideratze nabarmenak izan dira, eta aurreikusitako % 6ko defizita beharrean % 8,51koa gauzatu da. Ondorioz, 2012rako aurreikusitako % 4,4ko zifra berraztertu behar izan da eta azkenean % 5,8an finkatu dute defizitaren aurreikuspena.

Gaiaren inguruan, gure ustez funtsezko bi galdera daude: Zer ondorio ditu doikuntzak ekonomian? Nola planteatu behar da doikuntza-egutegia?

Doikuntza aurrera eramatean, bai gastu publikoa murriztuz bai diru-sarrerak (zergak) areagotuz, ondorio kaltegarriak nabari ohi dira epe laburrera, atzeraldia eragiten da eta lan-merkatuaren bilakaera ere negatiboa izaten da. Haatik, epe ertainera begira, Estatuak inbertsioen kontura ekonomian galdu duen pisua ekimen pribatuak berreskuratzen du, eta ildo horretan, kapital-stocka eta epe luzerako hazkundea areagotzen dira.  Hau da, doitzeak epe laburrera kaltegarriak badira ere, epe ertainera begira ekonomiaren igurikimenak hobetzen dituzte, eta are gehiago egitura-erreformak gehitzen bazaizkie. Esandakoa laburbilduz, etorkizun hobearen alde oraina sakrifikatzea dakar doikuntzak.

Horri bigarren galdera lotzen zaio: Nola planteatu behar da doikuntza-egutegia? Ildo horretan, beharrezkoa den aurre-baldintza bat dago: gobernuak sinesgarritasuna izan behar du, hau da, eragile ekonomikoek, familiek eta enpresek gobernuaren asmoetan sinetsi egin behar dute, egitasmoak sendoak direla eta planteatutako programa nola edo hala aurrera eramango duela, alegia. Hori horrela bada, ekonomiaren etorkizun “onaren” inguruko igurikimenak modu egokian eratuko dira, eta oraingo kontsumoa eta inbertsioa suspertuko dituzte; horrek ez du erabat berdinduko zergek eragindako eskariaren gainbehera, baina bai hein batean. Horregatik, estrategia egokiak sinesgarri izan behar du, eta ondorioz, helburu  lorgarriak proposatu. Gaur egun agerikoa dirudi aurreko gobernuak finkatutako helburuak baikorregiak zirela, baina halere, onartu beharra dago une hartan egingarriak ziruditela, kanpo sektorearen aldetik sendotasun handiagoa espero baitzen, ez horrela ekonomiaren barne-eskariaren aldetik. Dena den, egungo gobernuaren erabakietara etorrita, ez dago argi helburuak aldatzea lagungarri izango den igurikimenak egoki eratzeko. Jakin badakigu bi gobernuk hartutako erabakiak direla, baina eragile ekonomikoek, hau da, guk, ez ditugu igurikimen ekonomikoak politikaren arabera eratzen, eta nahasmenaren ondorioz berdintze-efektua gal liteke, igurikimen hobeek bultzatu duten efektua, alegia.

Horrenbestez, eskuliburuek gomendatzen duten egutegiak doikuntzaren zati handi bat atzeratzeko aukera eskaini behar du, sinesgarritasunik galdu gabe; modu horretan, igurikimenen hobekuntzak onurak ekarriko lituzke epe laburrean ere. Baina jakina, eskuliburuetan gauzak direna baino errazagoak dirudite beti.

Analisi hau Euskadiko Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du.  Hilean behin egungo ekonomia-gaien inguruko haren ikuspuntua eskainiko dugu.


Zein da zure erreakzioa?