Donostia 2016, Elkarrizketak eta Erronkak zikloen onena
2016-12-26
Donostia 2016, Elkarrizketak eta Erronkak zikloen onena
Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburutzan LABORAL Kutxak babestutako jarduerak ezagutu.
Europar Elkarrizketak: Zer norabidetan doa Europar Batasuna?
Nola egin behar zaio aurre pertsona migratzaileen krisiari? Zer genero-politika prestatu beharko lirateke emakumeen aukera-berdintasuna bermatzeko? Zer gertatuko da Brexitarekin? Europak askeago egin al gaitu, ala alderantziz? Horiek dira, besteak beste, Europar Elkarrizketetan jorratu diren gaiak; hitzaldi oso interesgarriak izan dira, eta herritarrek parte hartzeko aukera izan dute, bai zuzenean, bai sare sozialen bidez galderak helaraziz. Ondoren, Sarean osorik aurki daitezkeen elkarrizketetako batzuk.- The making of... Europako Kultur Hiriburua. Nola prestatzen da Europako hiriburutza? Galdera horri erantzuteko, 2015ean kulturaren hiriburu izan ziren hirietako zuzendariak izan ziren Donostian.
- Migratzaileak, errefuxiatuak eta zirkulazio librea Europar Batasunean. Giza Eskubideekin lotura zuen eztabaida honetatik atera zen zikloko elkarrizketa interesgarrienetako bat.
- Emakumeen benetako boterea Europako politikan izan zuten mintzagai Izaskun Bilbao (EAJ) Europako Parlamentuko diputatuak, Rosa Martinez Kongresuko diputatuak eta Amets Jauregizar (EH Bildu) Bakioko alkateak.
- Merkataritza askerako EBren eta AEBren arteko akordioa (TTIP) da mundu mailako gai geopolitikoen artean eztabaidagai nagusietako bat; itun garrantzitsu horri buruz mintzatu ziren Laura Gonzalez de Txabarri, ELA sindikatukoa, eta Miguel Ceballos, Europako Batzordeko Merkataritza Zuzendaritza Orokorreko kabinete zuzendariondokoa.
- Europa askatasun-espazio bat al da? Eta Internet? Askeago egin al gaitu, ala alderantziz? Besteak beste, gai horiek jorratu zituzten Eben Moglen Columbiako Unibertsitateko (AEB) irakasleak eta Jule Goikotexea UPV-EHUko irakasleak.
- Kirolak talde-identitateetan duten tokiaz hitz egin zuten Xabi Alonso futbolariak eta Maialen Chourraut dominadun olinpikoak, John Carlin kirol-kazetari eta idazle bikainak lagunduta.
- Brexit. Erresuma Batuko erreferendumeko emaitzaren shockak Batasunaren etorkizunaren inguruko galderak egitera behartzen du. Halaxe egiten dute bideo honetan Sejal Parmar abokatu eta irakasleak eta David Gardner Financial Timeseko korrespontsalak.
- Europa kosmopolita. Hausnarketarako eta eztabaidarako mami asko utzi zuen ESADEko egungo lehendakari den Javier Solanaren hitzaldiak, Europako erronka komunen demokratizazioari buruzkoa.
- Pribatutasuna eta kontrola. Oso interesgarria izan zen zikloari amaiera eman zion elkarrizketa, software librearen aldeko mundu mailako mugimenduaren sortzaile den Richard Stallman programatzaile estatubatuarrarekin. Iruñean izan zen segurtasuna, pribatutasuna, kontrola eta askatasun publikoak gai hartuta.
Etikari, zientziari eta humanismoari buruz ere mintzatu gara.
LABORAL Kutxak urtero proposatzen du elkarrizketa ziklo bat, osasunaren eta zientziaren esparruko pertsonak biltzen dituena, gizarte-zientzien, filosofiaren eta etikaren esparruko beste aditu batzuekin. Elkarrizketa horiek beti ematen dituzte fruitu interesgarriak, eta aurten gehitu egin ditugu, hitzaldi gogoangarriak utzi dizkigun edizio berezia osatuz. ESI Donostialdeako profesional eta sanitarioak izan ziren, besteak beste, Andoni Luis Aduriz Mugaritzeko sukaldariburuarekin, Daniel Innerarity nazioarteko filosofoarekin, Anjel Lertxundi eta Kirmen Uribe idazleekin eta Mª Carmen Gallastegui ekonomian katedradunarekin batera.Zer erronkari egin behar die aurre gure gizarteak?
Nola egiten diote aurre osasunaren zientziek garunaren zahartzearen arazoari? Zein dira XXI. mendeko erronkak ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari dagokienez? Orain sortu behar al ditugu sorkuntza "fabrikak" etorkizunean kultur sorkuntza egon dadin? Gizarteak askotariko erronkei egin behar die aurre, eta maila goreneko akademikoek haien inguruko erantzunak bilatzea izan du helburu Jakiundek antolatu eta LABORAL Kutxak babestutako 10 jardunaldiko zikloak.- Garunaren zahartzea: erloju kontrako lasterketa: Dementzia, Alzheimerra edo gaixotasun zerebrobaskularren tratamenduak jorratu zituzten sei hitzaldi.
- Eskola-indarkeria, gorroto delituak... gazteen arteko indarkeriaz ari garenean, biktimez ala borreroez ari gara?
- Ekonomia, gizarte eta ingurumen esparruetako XXI. mendeko erronkak zein diren argitzea izan zen Martxoko erronka.
- Apirilean, Erronkak/Desafios Musikenera joan zen musika-irakaskuntzari buruz hitz egiteko.
- Eta maiatzean Chillida Lantokia bisitatu zuen material berrien inguruko industria-iraultzaz hitz egiteko.
- Serie-produkzioa sormenaren aurkakoa al da? Sorkuntza-fabrikak izan al daitezke kultura- eta berrikuntza-espazio berriak?
- Haurtzaroko desoreka psikologikoak areagotuz doaz, gero eta antsietate kasu gehiago dago helduen artean... Zein da osasun mentalaren etorkizuna Euskal Herrian?
- Lurralde-Ordenamendua eta globalizazioa izan zen Getxon, Punta Begoñako Galeriatan jorratu zen gaia, benetan berezia izan zen jardunaldi batean.
- Azken erronketako batean giza legeen eta naturaren legeen arteko harremana aztertu zen, bien arteko oreka hautsi ez ote dugun galderari erantzuteko.
- Eta, azkenik, azken erronkan, giza kohesioa nola indar daitekeen aztertu zen. Ba al dago hiritargoa ehuntzeko patroirik?
Eta gainera...
Aurten oso desberdinak diren bi ekimenekin kolaboratu dugu, biak Donostiaren kultura hiritartasunaren baitan. Batetik, Eusko Ikaskuntzaren Kongresuarekin. Bertan gaur egungo eta etorkizuneko hiriak aztertu ziren cyber-kulturaren eta ezagutzaren ingurune bezala, eta jardunaldia baliatu zen Javier Echeverría Ezponda matematikari eta filosofoari euskal curriculum onenaren saria emateko.Bestetik, gertaera kultural handi honen azken txanpan, urteko gastronomia-gertaerarekin ere kolaboratu genuen, munduko gazta onenak saritu zituen International Cheese Festival lehiaketarekin, hain zuzen.
Zein da zure erreakzioa?