«Inprobisazioetan ere sarritan 20 pertsonen lana dago»

«Inprobisazioetan ere sarritan 20 pertsonen lana dago»

12 min.

«Inprobisazioetan ere sarritan 20 pertsonen lana dago»

Mikel Pagadi, gidoilaria eta umorista.

Mikel Pagadizabal-ek (Villabona-Amasa, 1974) teatroa eta irratia jorratu ditu baina komediari, barreari, umoreari begiratzeko ekarri dugun gonbidatua telebistak egin du ezagun. Ia mitikoa bilakatu den Wazemank egiten ezagutu genuen, eta bere meritua edo bere errua den ez dakigu baina inon ikusi badugu Anjel Alkain ezin berak ere ikusleok bezala barreari eutsi, Mikel Pagadirekin egindako esketxetan izan da. Haserretzen denean ere gertatu omen zaio jendeak barre egitea.

 

Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua.

Apur bat tragikoa. Lotsatia. Zakarra, rancio hitza ere entzun diogu bere buruaz hitz egiterakoan. Ez dira komedia egitearekin, lotzen ditugun ezaugarriak, baina norbere burua serioegi ez hartzea bada umoreari eskatzen zaion lehen agindua, gure gonbidatuak goitik-behera betetzen du. Ia bi hamarkada daramatza gidoiak eta kamera aurreko lanak egiten Euskadi Irratiko Oilatokian, ETB1eko Wazemank eta Brinkola saioetan, ETB2ko Vaya Semanitan eta beste hainbatetan. Tarte horretan euskal irrati-telebista publikoan egin diren umorezko esketxetatik, zenbat idatzi dituen kalkulatzea ez litzateke erraza izango, baina zenbakia kontutan hartzeko modukoa litzateke. Hala ere, Mikel Pagadiri gure podkast honetako lehen umorista dela esatea gehiegitxo iruditzen zaio.

 

MIKEL PAGADI. Niri umoreak balio dit pixka bat, nik personalidade nahiko timidoa naiz, lotsatia, eta laguntzen dit pixka bat jendearekin sozialago izaten. Eta horrelaxe. Ez naizela etxean sartuta egoten den horietakoa baina badaukat halako puntua ere bai, ez naizela oso irekia, egia esan.

 

IRATI JIMENEZ (LABORAL Kutxa). Umorista ere ematen du pixka bat…

 

MIKEL. Bai, da bueno, egia esan, umorista baldin bada, ba umorista.

 

IRATI (LK). Eta guionista ere…

 

MIKEL. Bai, horixe, kotizazio hoiengatik, batik bat. Kostatzen du gidoilari moduan eta orduan, ba, bueno.

 

IRATI (LK). Zegoen bat, “artistas y toreros”, ez?

 

MIKEL. Hori da, bai. Espectáculos taurinos. erregimen berezia da. Autonomoa nola naizen, gidoilaria jartzen du, “así que”…

 

IRATI (LK). Ez dakit umorista ez ote den kategoria bat, profesionala baino ematen duena beste zerbait.

 

MIKEL. Inpresioa ematen du. Bai, esan “egunon” eta ematen du parrea sortu behar duela.

 

IRATI (LK). Hori esan behar nuen. Ez dakit dagoen, gainera telebistak ematen duen ikusgarritasun maila horrekin ez dakit dagoen presio hori, nolabait. Jendea oso animatua gauzak esateko. Ez dakit esaten dizkizuten halako gauzak, alegia, kontatu txiste bat.

 

MIKEL. Normalean ez. Baina gertatzen da. Begira, Laboralean gaudela esango det, kutxazainera joan nintzela eta halako batean “e, Pagadi, egin zeozer”, “qué te hago, ¿un pan?”.

 

IRATI (LK). Gainera, ez dut uste dagoenik modurik okerragorik norbera umorerako gorputza halako presiopean baino.

 

MIKEL. Ez zait normalean pasatzen. Baina behin edo, eta esaten duzu, bueno,

 

IRATI (LK). Ze grazioso, ez dakit zer esan.

 

MIKEL. Chihuahua bat bezala, ezta? Ze grazioso. Burua arraskatuko diot.

 

IRATI (LK). Gero, gainera, besteak pentsatzeko, “pues no me ha parecido tan gracioso”.

 

MIKEL. “No, un rancio”. Eta egia da, “rancio” bat naiz, eh? Baina oso ondo disimulatzen det.

 

IRATI (LK). Badu zerbait gure gonbidatuak, komediak maite duena. Horregatik harrituko da bat baino gehiago ikasketak egiterakoan Zuzenbidea aukeratu zuela jakiterakoan

 

MIKEL. Nik zuzenbidea ez neukan bokaziorik. Neukan 5,3 media selektibitatekoa eta ezin zan beste leku askotara sartu. Ez dakit hurrengoa zan IVEF edo halako gauza bat eta nik fisikoki ariketak egiten ez nintzan hasiko. Eta esan nuen, bueno, ba probatu dezagun zuzenbidearekin.

 

IRATI (LK). Eta gero handik publizitatea… geroago ikasi zenuen.

 

MIKEL. Bai, gero egin nuen publizitatea eta diseinu grafikoa eta. Ze nik abokatu moduan ez nuen ikusten neure burua.

 

IRATI (LK). Handik publizitatearen mundura sartu zinen.

 MIKEL. Bai, kasualitatez izan zen. Duela 17 urte izango dira, 2004ean edo… tokatu zitzaidan Villabonan egitea aurkezpen bat bezala, denda batzuena edo halako zerbait. Eta justu Anjel Alkain zegoen eta esan zidan, “aizu, ba programa bat eman didate eta zuk, esketxak idazteko eta horrela”. Eta nik ez nuen sekula idatzi, egia esan. Tira, ikasle garaian komikiak eta egiten nituen, baina… ez profesionalki, ezta gutxiago ere. Eta horrela hasi nintzen. Eta gero, Nagore Aranbururi esker, berak erakutsi zidan gidoilari zera hau, ogibide hau.

 

IRATI (LK). Ilustrazioak eta komikiak egiten zenituen? Marraztu edo egin?

 

MIKEL. Marraztu. Amateur total, e? Beste egiteko bat jarriko degu, komikigile! “¿De qué va este señor?” Bai, horixe.

 

IRATI (LK). Nik gaizki marrazten dudanez, inbidia ematen dit. Niretzat ondo marraztea da, hara, pertsona bat eserita egin badezakezu niretzat jenio bat zara, Miguel Angel.

 

MIKEL. Ba, horixe. Hortik aurrera ez gehiago eskatu.

 

IRATI (LK). Zuhaitz Gurrutxagarekin batera aurkezten duen Herri Txikik, Infernu Handik saioan ager zitekeen herri baten jaio zen Mikel Pagadi, Villabonan, 1974an. Herri txiki bateko herri txiki batekoa da, beraz. Gure herri hau, euskaldunona, oso txikia delako, eta horrek esplikatu dezake, beharbada, zergatik ez garen gehiegitan animatu umorea egitera. Bagoaz horretan ere, gure gonbidatuaren karrerak frogatzen duen moduan, baina… astiro.

 

MIKEL. Gero eta gehiago badagoela baina nola oso txikiak garenez, tamainaz esan nahi dut, azkenean, zuk egiten baduzu txiste bat norbaiti buruz, demagun ezagun bati buruz, hurrengo egunean igual ikusi egingo duzu eta esango dizu “aizu, zer zabiltza”, ez dakit horregatik dan, edo zergatik dan baina badaukagu pixka bat lotsa oraindik.

 

IRATI (LK). Nik uste norberak bere buruaz barre egiten duenean galdu egiten duela apur bat besteek barre egiteari dion beldurra, ez?

 

MIKEL. Hori da, bai. Azkenean esaten dugu geure buruaz barre egin dezagun baina bakoitzak bere burutik hasi behar du.

 

IRATI (LK). Hori da, norbere buruaz, ez soilik “geure” buruaz.

 

MIKEL. Hemen banago eta suposatzen da umorista naizela eta nirekin sartzen badira eta haserretu egiten banaiz, ba, esango dute, joe, ba... ze adibide ematen dudan, ezta? Baino bueno, gauza bat da umorea eta beste bat kaletik edozer gauza deitzea.

 

IRATI (LK). Batek baino gehiago euskaldunoi buruz eman duen definizioa da, kanpotik ikusita harroa dirudien jendartea garela, baina apur bat begiratu eta ze lotsatiak garen berehala ikusten dela. Egia ote?

 

MIKEL. Lotsa daukagu? Hori da, badago zerbait, eskaraparate bat bezala. “Pantalla de protección” esaten dena. “A ber” gutaz parre egitea badaukagun. Edo hartzen dugula gaizki gutaz parre egitea. Baina hori ere pixkanaka denborarekin hartzen joaten dela, ezta?

 

IRATI (LK) LABORAL Kutxaren Madril Hiribideko bulego berrituan, Donostian, Koldo Almandozekin gure aurreko gonbidatuarekin, geratu ginen leku berean, geratu gara Mikel Pagadirekin. Ordu bete luze hitz egin dugu bere ibilbide profesionalari buruz baina guri horrenbeste interesatzen zaigun talde lanaz hitz egiteko, berak minutu batzuk baino ez ditu behar izan. Kamera atzeko eta aurreko bere lehen lanak gogoratzerakoan izan da.

 

MIKEL. Bai, normalean atzean ibiltzen nintzen baina gero esan zidaten ea esketxen batean baneukan ateratzea eta nik egia esan… horrek beldur pixka bat ematen zidan ze nik ez det sekula esango aktorea naizenik, ze ez dut esango inoiz aktore naizenik, ze ez dut ikasi eta ez dakit interpretatzen baina esketxe batzutan agertzeko eta aurpegia jartzeko, eta pertsonairen bat egiteko, bueno, ez zitzaidan hain zaila iruditu. Egia esan taldeak asko laguntzen zuen. Oso profesionalak ziren beraiek eta oso eroso sentitu nintzen, egia esan. Baina esaten dizut: nik hobeto egiten dudan papera da Pagadirena eta hortik aurrera ja... “ya la hemos liado”.

 

IRATI (LK). Estimatzen dituen lankideekin ez balitz akaso ez litzatekeela zuzendari izango esan zigun aurreko Koldo Almandoz zuzendariak. Talderik ez badago, bere ustez ez dagoela ezer kontatu zigun, Dani Alvarez kazetariak. Eta taldean maitatua izan denean, bere hoberena eman duela, aitortu zigun saio honetan Ilaski Serranok, bi urtez Euskadi Irratiko Oilatokia programan gure gonbidatuaren lankide izandakoak. Lankide ohiarekin ados dago horretan Mikel Pagadi.

 

MIKEL Nik uste garrantzitsua dala, zergatik proiektuak eta, gehienak ondo ateratzen badira, beste batzuk ez… taldea garrantzitsua da, hor ez dago besterik. Zergatik pentsatzen dut jendeak, edo ez dakit, boteprontoan, zuk telebistan ikusten duzu tipo bat eta esaten duzu, joe, “Ze ona”. Eta ez, ez, atzean lan asko dago. Bai, edozein izanda ere, esaten duzu hori, hor inprobisazio oso gutxi dago. Inprobisazioak ere preparatuta egoten dira sarritan. Hor dago gidoi lana, hor dago errealizazio lana, hor dago lokalizazio lana, hor dago produkzio lana. Eta azkenean ikusten duguna telebistan da horren emaitza, baina hor dago hogei pertsonaren edo hamabost pertsonaren lana.

 

IRATI (LK). Ikusten ez den talde handi bat eta ofizio askotako lankideak koordinatu behar dira proiektu handiak aurrera ateratzeko, dela kreditu-kooperatiba bat sortzeko zein telebista saio bat egiteko. Era horretako ahalegin bat ondo ateratzeko gauza asko behar dira, baina inportanteena denen ahalegina da eta elkarri egokitzen ikastea.

 

MIKEL. Garrantzitsuena ere bai taldea adaptatzea. Mundu guztia adaptatzea, harmonia, besteengandik ikastea. Nik izan nuen zortea. Lehen urtean tokatu zitzaidan egotea Nagore Aranbururekin eta esaten duzu, joe, honek konbalidatzen dizkit unibertsitateko hiru urte. Ez dut sekula izango, esaten duzu, horrelako zortea. Gero beste batzuk badaude esaten duzula hemendik hartu, bestetik hartu, baina Nagore moduko makina bat tokatzen zaizu ondoan eta esaten duzu, joe, a ze luxua, ezta?

 

IRATI (LK). Ba, bai, luxua eta ez edonolakoa lanbideaz asko dakien eta dakiena irakasteko prest dagoen lankide bat aurkitzea, “gizatasuna lanean” dio MONDRAGON taldearen goiburuak, ez alferrik. Luxu hori falta denean, dio Mikel Pagadik, nabaritu egiten da.

 

MIKEL. Nik izan dudana gero, beste jende askori falta izan zaiona, esaten duzu “hemen ez dakit ze formazio dagoen”. Horrelako pertsona bat izatea ondoan, eta gainera emakume bat izatea, inportantea iruditzen zaidala, ezinbestekoa da.

 

IRATI (LK). Emakume falta tragikoa ez bada dramatikoa izan da komediarena, baina Nagore Aranbururi, Wazemank-eko lankideari zor dizkio gure gonbidatuak bere lanaren oinarrizko tresnak, etorrian etorri diren hainbat eginkizun eta saiotan erabili dituenak. Esketxak idazten hasi zen, hortik kamera aurreko lanak egitera pasatu zen, irrati-esatari izan da, bakarrizketak egin ditu eta aktore bezala teatro lanen bat ere bai. Wazemank, Brinkola, Oilategia edo Vaya Semanita ezezik Bodologuak, Airea, Jokoz Kanpo edo Autentikoak saioetan ikusi dugu. Azkena, Herri Txikik, Infernu Handi, astero-astero ETB1en batez-besteko audientzia igotzea lortu duen saioa. Euskal Herriko bazterrak ezagutzeko aukera eman dion programa arrakastatsua. Bazterrak eta jendeak.

 

MIKEL. Nik uste jendea ezagutzeak ere aukera handia ematen duela eta historia asko ezagutzeak eta era desberdinetarako jende asko ezagutzea eta hori da, ez dakit horrek konbalidatzen duen psikologiako urte bat edo… eta niri ere ahorratzen dit “diván” batera joatea. Zergatik jendearekin hitz egiten duzu eta bakoitzak bere terapia dauka.

 

IRATI (LK). Tira, bazterrak, jendeak eta leku bakoitzeko euskararen doinuak ere bai.

 

MIKEL. Ulertzeko arazorik ez dugu izaten. Azkenean, belarria egiten zaizu. Bai iparraldera joaten bazara, bai Bizkara, bai Hegoaldera, Nafarroara… belarria egitea da. Jendeak gainera ondo hitz egiten du. Programa pixka bat espresa da. Baina ordu bete, ordu eta erdi zaudenez pertsona bakoitzarekin egoteko, denbora ematen du.

 

IRATI (LK). Eta orohar, jendeari dagokionez, emango zizun ezagutza bat, herri bakoitza, nolakoa den apur bat jendea, ez?

 

MIKEL. Dakit ertzainean kontrolak ze glorietatan dauden Euskal Herri osoan badakit. Eta “menu del día” non jaten den merkeena eta onena, hori ere bai. Jendearena ere bai.

 

IRATI (LK). Halako informazioarekin aplikazio bat sortu dezakeela otu zaigu. Txiste txarra ezin ebitatu eta Appagadi proposatu diogu, berari komediante sen finagoarekin Mikelin Gida okurritu zaio. Gauzak horrela, bizitzan umorerik ote duen galdetu diogu, eta ea horrek zenbateraino laguntzen duen.

 

MIKEL. Pixka bat nik uste dut umorearekin hartzea gauzak, segun eta ze gauza, laguntzen du, hombre, segun ze gauza, egon daiteke lekuz kanpo ere bai. Ez naiz hasiko betiko topikoarekin, “bizitza komediarekin askoz hobea da”. Hombre, tanatorioarekin. Txistea kontatzen ez zara hasiko. Laguntzen duela bai? Laguntzen du: “Como una tirita”. Topikoak pixka bat ematen didate. “Bizitza umorearekin hobea da”. A ber…

 

IRATI (LK). Eslogan bat.

 

MIKEL. Bai, hilabete batean RGIa kentzen badidate ez dit lagunduko. Laguntzen duela bai, pixka bat sanoagoa bada, bai.

 

IRATI (LK). Tarteka akordatzea, ozpinduta ez ibiltzeko.

 

MIKEL. Bai, laguntzen du. Ez dezaten esan Pagadi es un amargado.

 

IRATI (LK). Ez zaizkio errazkeriak gustatzen gure gonbidatuari, topikoak, esateagatik esaten ditugun gauzak. Horrelako gehiegi ditugu eta umorearen arloan ez gutxi. Euskaldunok umore gutxi dugula, adibidez, esan egiten da, baina ingelesena fina dela ere esaten da eta gure gonbidatuak dioen moduan ingelesak dira Benny Hill eta Monty Phyton. Gatz larria eta fina. Zabarkeria eta surrealismoa. Ahazteko modukoa lehena eta ahaztezina bigarrena. Eta ofizioa ikasteko oso baliagarria.

 

MIKEL. Bai, Monty Python nik uste dut izan zirela fundazionalak. Ikasteko momentuan ikusten genituen Monty Pythonen esketx asko, eta Los Simpson ere bai. Eta gero Saturday Night Live ere ikusten genuen, esketxak eta nondik atera ideiak eta horrek gauzak eta oso baliagarriak izan direla. Eta dira nik uste Monty Pythonen Flying Circus zala 67 edo, ezta?

 

IRATI (LK). Hortxe-hortxe. 1969ko urriaren 5ean emititu zuen BBCk umore surrealistaren historiak eman duen obra garaienetako bat: Monty Python seikotearen zirku hegalaria.

 

IRATI (LK). Edozein diziplinak eskatzen du ezagutza eta ezagutza ezin da eskuratu ez bada ikasteko ohitura hartzen. Nola ikasten da gidoilari izaten, ostera, edo umorea egiten? Koldo Almandozek aurreko saioan dagoeneko aipatu zuen hitza agertzen zaigu berriz: banpirismoa. Denetatik edatea.

 

MIKEL. Gidoilari lanerako gehien balio izan didana da… teknika badago, dialogoak nola idatzi edo eta akotazioak nola jarri eta hori dena. Baina da obserbazio pixka bat eta asko alimentatu, elikatu igual, gauzak ikusi, ez obsesionatu igual azkeneko berritasunak ikusten, baina bai pixka bat, “fondo de armario” izan. Hauek nola egiten dute, besteek nola egiten dute. Azkenean dena asmatuta dago. Zuk egingo duzu gauza bat orain dela 30 urte asmatuta zegoena, baina zuk egingo duzu zure estiloan. Nik uste gauza gehienak asmatuta daudela eta nik uste hortik hartzen joatea eta zuk zure Frankenstein hori sortzea.

 

IRATI (LK). Banpiroarena esaten genuena...

 

MIKEL. Ez da kopiatzea. Monty Pythonen gauza bat gustatzen bazaizu, da esatea, ostia, ba hau igual hemen beste sentido batean egin da iteke. Klasikoek ematen dizkizute pautak, zer egin eta zer ez, ze denbora izan behar duten esketxak, zergatik azkenean Wazemank-en hasi ginenean ere bai nik ez nekien nola idazten ziren eta euskaraz nola funtzionatuko zuen eta… egiten ikasten da. Inportantea hori da. Egiten ikasten da, bai. Ze, liburu asko daude Cómo escribir un guión… eta azkenean idazten jartzen zaren arte… Hori da momentua. Tanta burutik jeisten hasten denean, esaten duzu eta nik orain orrialde hau nola bete behar dut. Eta hasten zera eta horixe.

 

IRATI (LK). Halako gauzak idazten eta egiten nola ikasten den esan digu Mikel Pagadik: obserbazioa, lankide onak, onenek egiten dutena ezagutu eta handik ikasi, eta beste gauza bat, inportantea. Paddy Chayfesky gidoilariak emandako aholkua da: ez pentsa egiten duzuena artea dela, pentsa lan bat dela eta lasai, artistak bazarete, egiten duzuen guztia izango da artea. Halako zerbait dio gure gonbidatuak ere.

 

MIKEL. Pasatu zaigu etorri zaizkigunean igual zinematik… telebistak abiadura handia eskatzen du. Baina hasten bazara pentsatzen “obra maestra” idazten ari zarela, pentsamendu horrekin, blokeo. Hobe da pentsatzea “estoy escribiendo la mayor tontería del mundo” eta horrela pixka bat korritzen du asuntoak. Baina hasten bazara pentsatzen mundua aldatuko duzula idazten duzunarekin. Esateak ere lotsa ematen dit baina pixka bat zera, pisu hori kendu.

 

IRATI (LK). Sortu eta zuzendu. Egin eta egindakoa ebaluatu. Bi gauza horiek, bi mugimendu, bi energia horiek behar-beharrezkoak dira edozein lan arlotan, edozein sormen ekoizpen egiteko. Zuzentzen ez duenak edo egindakoa aztertzen, nekez lortuko du hobekuntzarik, eta zer esanik ez, bikaintasunik. Baina zuzentzaileari ematen badiogu leku gehiegi, prozesu guztiak eten egiten dira.

 

MIKEL. Zuzentzaile hori buruan dagoena, esaten duzu, gehiegi ere… pixka bat utzi, gaizki baldin badago arreglatuko da eta “ya está”.

 

IRATI (LK). Ze, bestela, zuzentzaileak jan egiten du guztiz.

 

MIKEL. Bestela momentu guztian zaude gaizki egin duzula pentsatzen eta niri, egia esan, trauma asko izan ditut, ni ze ari naiz egiten hemen, ze intrusismo laboral, hemen ez dakit ondo idazten dudan, funtzionatzen du, “yo no sé si es por mí, es por otros”. Kezka guzti horiek, ezta? Ba, bueno, kotizatzen jarraitzen dugu, beraz, gaitzerdi!

 

IRATI (LK). Datorren urtean, leku berean jarraituko du kotizatzen: Herri Txiki, Infernu Handik ETB1era itzuli dela konfirmatu baitu Euskal Telebistak. Telebistatik kanpo askotariko interesak badakigu irakurzalea dela, adibidez; historia asko interesatzen zaiola; gerra kontuetan nekez irabaziko geniola trivialean partidarik, eta parte hartu izan duela inoiz urtero, miliziano jantzita, ehunka afizionatu biltzen dituen Ebroko Batailaren eszenifikazioan. Beharbada horregatik gustatzen zaio enkarguz lan egitea, merzenario, alegia, zentzurik nobleenean

 

MIKEL. Momentuz enkasillatuta nahiko ondo nago eta enkarguz, esan nahi dut…

 

IRATI (LK). Merzenario lanetan gustura zaude.

 

MIKEL. Ba, horixe, Blackwater total (barre). Ni nahiko tragikoa naiz eta pisu asko hartzen dut, batzuetan gehiegi. Ondokoak nazkatzen ditut. Kontratista esaten zaio orain. Prentsak, eufemismo hori, kontratista.

 

IRATI (LK). Horretarako tartea ateratzen duenean badabil, dio, beste lagun batekin proiekturen batean. Edozer izan liteke. Gizarte sareetan koktailak egiten abila dela deskubritu dugu, historia liburuak maite dituela bagenekien, mundu gerretako benetako objetuen bilduma txiki bat daukagula ere bai. Batek daki zein izan daitekeen hurrengo proiektu hori edo horren ostekoak. Telebista? Teatroa? Wazemank berezia, Friends telesailarekin egin denaren modukoa? Batek daki non ikusiko dugun Mikel Pagadi, umorearekin hegoekin, topiko zaharkituen azpitik, eta sasi guztien gainetik.


Zein da zure erreakzioa?