Zer da LABORAL Kutxaren Kontseilu Soziala?

Zer da LABORAL Kutxaren Kontseilu Soziala?

3 min.

Zer da LABORAL Kutxaren Kontseilu Soziala?

Gardentasunez, eraginkortasunez, erantzukizunez. Gauzak horrela egitea gustatzen zaigu LABORAL Kutxan. Horregatik, behin baino gehiagotan hitz egin dizugu gure barne-funtzionamenduaz, hark kreditu-kooperatiba gisa dugun nortasunari eta gauzak egiteko beste modu bat delako uste sendoari erantzuten baitio. Oraingoan, gure kooperatibako beste erakunde-organo nagusienetako bati buruz hitz egingo dugu, Kontseilu Sozialari buruz, hain zuzen ere.

Lan-bazkideen ahotsa

Bere egunean esan genizun moduan, Kontseilu Errektorea LABORAL Kutxa gidatzen duen organoa da −Zuzendaritza Nagusiaren bitartez− eta Batzar Nagusia, berriz, gure “parlamentua”. Egitura horretan, Kontseilu Soziala lan-bazkideek parte hartzeko berariazko organoa da. Besteak beste, ekimen arauemaileak aurkez diezazkioke Batzar Nagusiari, betiere horiek Kontseiluko bi herenen gehiengoa lortzen badute, eta Kontseilu Errektorearen jarduera-deskargua jasotzen du, kooperatibaren goi-gestioa guztiz gardena dela bermatzeko.

Kontseilu Sozialaren ezaugarri nagusiak

  • Barne-erregimeneko organoen aurrean, Kontseilu Sozialak lan-bazkideen etengabeko ordezkaritza gauzatzen du, horiek bazkideak eta langileak direla kontuan hartuta.
  • Horiek dituzten helburuen bozeramaile izatea da Kontseilu Sozialaren funtzioa.
  • Estatutu-organo bat da, hau da, erakunde-organoen artean aurreikusten da entitatearen Estatutu Sozialetan.
  • Independentea da. Horrenbestez, hierarkikoki ez dago kooperatibako beste organo edo instantzia batzuen menpe, LABORAL Kutxako barne-ordenamendu juridikoaren menpe bakarrik.
  • Izan ere, berezko barne-ordenamendu juridikoa du 1989tik, Batzar Nagusiaren agindu bidez indarrean jarri zena. Ordenamendu horrek haren estatusa, barne-bizitza eta gaitasunak arautzen ditu.
  • Berezko Idazkaritza Teknikoa du, eta hark aholkularitza- eta euskarri-instantzia gisa funtzionatzen du. Era berean, kooperatibaren barneko nahiz kanpoko beste organo eta pertsona batzuekin harremanetan jartzeaz arduratzen da.

Kontseilu Sozialaren funtzioak

LABORAL Kutxa kreditu-kooperatiba bat da; beraz, erakundean lan egiten dugun pertsona gehienek izaera bikoitza dugu. Alde batetik, langileak gara, eta bestetik, lan-bazkideak. Horrenbestez, eta arestian genioen moduan, Kontseilu Sozialak bi plano horietan ordezkatu eta defendatu behar gaitu, eta bi esparruetan ditu funtzioak, lan-arloan eta sozietate gisa, alegia.

Sozietate gisa

  • Eginkizun aktiboa eta berezko protagonismoa ditu barne-arauak sortu eta aldatzeko orduan, eremu korporatiboetako partaidetzari eta harremanei dagokienez, baita hautagaiak izendatzeko eta Kontseilu Errektorea eta Errekurtso Batzordea berritzeko hauteskunde-prozesuak garatzeko orduan ere. Horrez gain, Lagun Aro, BGAEren Batzar Nagusiko ordezkarien izendapenean parte hartzen du.
  • Egoera eta forma jakin batzuetan, puntuak txerta ditzake Batzar Nagusiaren gai-zerrendan.
  • Era berean, Batzar Nagusiaren, Kontseilu Errektorearen eta Zuzendaritza Kontseiluaren aparteko deialdiak eska ditzake.
Lan-arloan
  • Kontseilu Errektoreak eskuordetutako gaitasun exekutiboak eta erabakitzaileak ditu zenbait arlotan: diziplinari, ordainsariari, Gizarte Segurantzari eta Lagun Aro BGAEri buruz eta eszedentziak emateko, sozietate-funts ekonomiko jakin batzuk banatzeko eta Hezkuntza eta Sustapen Fondoaren zati bat banatzeko.
  • Negoziatzeko gaitasuna du. Zuzendaritzak hartutako erabakien kontra egin dezake barne-instantzien aurrean, hala nola Kontseilu Errektorearen eta Batzar Nagusiaren aurrean, baita Errekurtso Batzordearen aurrean ere, urteko soldata-mailak finkatzeko orduan. Era berean, kanpoko instantzien bitartekaritza edo arbitrajea eska dezake, horiek korporatiboak izan edo PRECOrenak izan.
  • Instantzia exekutiboen kontrol sozialerako gaitasunak. Lehen eskutik ezagut ditzake negozioaren plangintzari, negozioaren bilakaerari eta antolakuntzaren plangintzari eta berregituraketari dagozkien gaiak.
  • Informazio-gaitasunak. Esan dugun moduan, Kontseilu Errektoreak bere jardueraren deskargua egiten du Kontseilu Sozialaren aurrean, horrela, erakundearen gestioari dagokionez gardentasuna bermatzeko.
  • Azkenik, Kontseilu Errektorearen kontsulta-organo bat da erakundeari dagozkion gaietan, baita Zuzendaritzarena ere, lanari dagozkion gaietan.

Nork osatzen du?

20 pertsonak osatzen dute, erakundearen eremu geografikoan zehar nahiz egoitza zentralean banatuta dauden ordezkariek. Horiek modu demokratikoan aukeratzen dira, hautespen-sistema zuzen eta bozketa elektroniko bidez.

Eskubide osoko lan-bazkide guztiek dute bozkatzeko eskubidea. Gauza bera gertatzen da kontrako norabidean: lan-bazkide guztiak izan daitezke hautagai, horien izaera edo kategoria profesionala edozein dela ere, betiere beste organo batzuetako kide ez badira, Kontseilu Errektoreko, Errekurtso Batzordeko edo Zuzendaritza Kontseiluko kide, esaterako.

Printzipioz, lau urteko agintaldietarako hautatzen dituzte, baina bi urtez behin berritu daitezke.

Argiago izan nahi duzu? Infografia honetan azalduko dizugu.

KONTSEILU-SOZIALA LABORAL KUTXA


Zein da zure erreakzioa?