LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko otsaileko gomendioak

LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko otsaileko gomendioak

2 min.

LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko otsaileko gomendioak

Lagunok, harpidedunok, irakurleok:

 

Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak.

Primeran plataformak emakume pilotarien benetako bizitzetan oinarritutako fikziozko telesaila estreinatu du, eta Don Inorrez musika taldeak antzerkirako testu batetik abiatutako disko baten antzerkirako bertsioa. EiTBren podcasten katalogotik intrigazko audiofikzio bat aukeratu dugu eta karrera ezin laburragoan soul musikari ekarpen ezin handiagoa egin zion musikari bati buruzko monografiko bat. Horrez gain, Nobel saridun batek idatzitako liburua dakarkizuegu, bere baimenarekin euskarara itzuli zena. Eta itzulpenekin ari garenez, adi! Baztanen bukatu da nobela beltzaren astea baina zabalik dago genero hau sustatzeko deitu duten itzultzaileentzako beka. Ikusten duzue, otsailean egunak urri baina edukiak urre!

 

📽️ Telesaila

Emakume pilotariak, 1926

Kuban, Mexikon eta beste herrialde batzuetan jokatuz historia egin zuten arren, historiak ahaztuta zituen emakume pilotariak baina Marc Cestaré zuzendari katalanak haien istorioak berreskuratu ditu, iaz estreinatu ondoren Primeran plataformara iritsi berri den telesail honetan.

 

 

🎵 Kontzertu dramatizatua

Aztia

Don Inorrez musika taldeak Oier Guillanen bakarrizketa batetik abiatuta Aztia izeneko diskoa sortu zuen; diskoan oinarrituta antzeslana egin dute orain, Metrokoadroka kolektiboarekin batera, eta antzeslan hori Loraldian ikusiko da martxoan eta beste hainbat lekutan gero.

 

🎧 Audiofikzioa

Enkantea

Etxe handi batean, hildako bat agertu eta gonbidatu denak susmagarri bihurtzea da misteriozko kontakizunen formularik klasikoena eta formula horri omen egiten Tabakalerak eta EiTBk deitutako Audiogile Berriak II lehiaketan saria lortu zuen zazpi ataletako produkzio honek.

 

🎵 Musika

Sam Cooke, lehen bisionario afroamerikarra

Paisaiak podcastak Sam Cooke gehitu dio bere monografikoen zerrendari, rockaren, poparen eta gospelaren arteko zubigilea, soul musikaren erregea, eta 8 urteko karrera laburrean, oraindik argitu gabeko tiroketa batean hil baino lehen, dozenaka kantu arrakastatsuren egilea.  

 

❔ Lehiaketa

Nobela beltza sustatzeko beka

(H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalapartak urtero deitzen duten bekak itzulpen bat sarituko du aurten eta 6.000 euroko saria eskuratu nahi dutenek martxoaren 15a baino lehen bidaliko beharko dute Núria Cadenes katalanaren Guillem eleberriaren itzulitako lagin bat.

 

📚 Literatura

Agurea eta itxasoa

Eguneroko bataila bat oihartzun mitologikoarekin kontatzen duen nobela labur eta boteretsu honek Hemingwayren prosaren dohai guztiak biltzen ditu eta bere baimenarekin itzuli zen euskarara, 1963ko edizio honen hitzaurrean Joxe Artetxek kontatzen duen moduan.

 


Zein da zure erreakzioa?