Zure familia baestea familiaren ekonomia babestea ere bada
2023-06-08
Zure familia baestea familiaren ekonomia babestea ere bada
Familia babesteak esanahi desberdina izan dezake nori galdetzen diogun, baina askok eta askok hauxe dela esango genuke:
- Inguruan izan ditzakegun arriskuez eta arrisku horiek saihesteko edo, gutxienez, txikitzeko hartu beharreko neurriez informatuta edukitzea.
- Gure etxea seguru mantentzea, beharrezkoak diren azterketa eta mantentze-lan guztiak eginda, instalazio guztiak egoera onean egon daitezen eta behar bezala funtziona dezaten, ateak eta leihoak ondo itxita egotea, eta, kasuaren arabera, baita segurtasun-kameren edo alarmen sistemaren bat jartzea ere.
- Etxeko txikienei higiene pertsonala zaintzen irakastea gaixotasunak prebenitzeko, hau da, bainatzea, eskuak garbitzea, hortzak garbitzea eta abar.
- Zaintzea eta bizitza osasungarriaren eredu izatea, dieta zainduta, ariketa fisikoa eginda eta bizimodu orekatua izanda.
- Aro digital honetan, gainera, ziurtatu behar dugu gailu digital guztiak seguruak direla, eguneratuta daudela, pasahitz sendoak behar ditugu inor sar ez dakigun, eta gurasoek kontrolatzeko sistemaren bat ezarri behar dugu txikienentzat.
Eta, baten batek bitxia dela pentsa badezake ere, familia babestea familiaren finantza-osasuna babestea ere bada, bai oraingoa, bai etorkizunekoa.
Oinarrizkoa: kontrolatu gastua, eta kudeatu zuen kontabilitatea
Ez badakigu zenbat gastatzen dugun, zaila da jakitea dirua xahutzen ari ote garen edo kopuru batzuk nola murriztu ditzakegun. Horregatik, garrantzitsua da gure dokumentu guztiak ondo antolatzea, fakturak karpetetan gordetzea (fisikoak edo digitalak) eta guretzat erosoa den jarraipen-sistema bat aurkitzea. Ekonomia saneatua badugu, aukera eman beharko liguke hileroko gastuak hilero sartzen dugun diruarekin ordaintzeko, eta gastu puntualei aparteko diru-sarrerekin aurre egin ohikoekin nahikoa ez bada. Segurtasun handiagoa izateko, komeni da hilero pixka bat aurreztea, ohiko gasturen bat murriztuta bada ere, sor daitezkeen ustekabeko gastuen aurrean prest egoteko.
Garrantzitsua: zor-maila jasangarria izan behar duzu
Gastua kontrolatzeko oinarrizko printzipioa bezalaxe, oso garrantzitsua da gure ahalmen ekonomikoen arabera zorpetzea. Gainzorpetzea oso txarra izan daiteke egungo familia-ekonomiarentzat eta, jakina, baita etorkizunekoarentzat ere. Egokiena da gure ohiko diru-sarreren % 30 baino gehiago ez erabiltzea zorrak ordaintzeko.
Kontuan izan norekin eta zenbateraino zorpetuko zaren. Aski ezagunak dira maileguen eskaintzan askotan gertatzen diren jardunbide ez oso egokiak, dirua merkatuko interes-tasa normalak baino askoz handiagoekin ematen baitiete beharra dutenei, eta lukuraritzat ere har daitezke horiek. Pertsonen egoera ekonomiko kaltebera aprobetxatzen dute, eta ia berehala ematen dizkiete diru-kopuru txikiak interes-tasa izugarri handietan. Horregatik, ondo eta zehatz aztertu behar da gure eskuetara iristen den edozein finantzaketa-eskaintza, beharrak gehiegi zorpetzera eraman ez gaitzan nahigabe.
Gainera, kontuan izan behar dugu kreditu-txartelak kontrolik gabe erabiltzea modu erraza izan daitekeela gehiegi zorpetzeko. Ez dugun dirua ematen digute, baina batere konturatu gabe joan gaitezke aurre egiten zaila den zorra metatzen, eta, gainera, berandutze-interesak onartu beharko ditugu.
Oso gomendagarria: estali zorrak aseguru batekin
Geure buruarengan pentsatuz eta, bereziki, familiarengan pentsatuz, komeni da ditugun zorrak berme nahikoa duen asegururen batekin estaltzea.
Nahiago dugu pentsatu guri ez zaigula gertatuko, baina zorigaiztoko ustekaberen bat gertatzen bada eta behar adinako bermerik ez badugu, gehien maite ditugun horien ekonomia eta bizitza hondatzera eraman gaitzake, baita ondare esanguratsua izanda ere; izan ere, oinordetzan jaso beharreko ondarea nabarmen deuseztatu edo gutxitu dezakete zorrek, edo gerta liteke, halaber, ondarea osatzen duten ondasunak ezin eduki izatea, sor daitezkeen zerga-betebeharrei aurre egiteko likidezia nahikorik ez izateagatik.
Izan ere, Kode Zibilak hauxe dio 659. artikuluan: “Jarauntsiak bere barruan hartzen ditu norbaiti dagozkion ondasun, eskubide eta betebehar guztiak, haren heriotzaren ondorioz azkentzen ez badira”. Horrek esan nahi du hildakoaren ondasunen jabetza ez ezik, haren zorrak ere hartzen direla, eta hartutako betebehar horiei aurre egiteko legezko erantzukizuna izango dutela oinordekoek.
Nolanahi ere, esan behar da badirela legezko mekanismo batzuk herentzia batean ordaindu gabe dauden zorrak geure gain hartzea saihesteko.
- Herentzia ez onartzea
Herentzia onartzen ez bada, onuradunek ez dute inolako zorrik ordaindu beharko, baina ondaretik ere ez dute ezer jasoko. Gainera, kontuan izan behar da komeni dela berariaz eta notario-eskritura baten edo agiri pribatu baten bidez egitea, eta, herentzia ez dela onartu deklaratu aurretik ondasunetakoren bat erabiltzen bada, ‘isilbidezko onarpena’ deritzona egiten ari garela eta oinordeko deklaratu garela atzera egiteko aukerarik gabe, aitorpen ezeztaezina delako.
- Herentzia inbentario-onuraren arabera onartzea
Baliabide horren bidez saihestu daiteke zorrak herentziaren ondarea txikitzea. Zorrak oinordetzan hartutako ondasunekin ordaintzen dira, eta ondasun horiek hartzekodun guztiei ordaintzeko iristen ez badira, oinordekoei ezin izango zaie erreklamatu ordaindu gabe geratu den zenbatekoa, eta, aldiz, herentziaren ondareak zor guztiak estaltzen baditu, oinordekoen artean banatuko da soberako kapitala.
Figura hori gehienez ere hamar egunetan aukeratu behar da, eta notarioaren aurrean dokumentu publiko baten bidez. Epea 30 egunera luza daiteke hildakoaren leku berean bizi ez bada, eta ondasunen administratzaile bat izendatu behar da hartzekodunei ordaintzeko ardura har dezan.
- Legatua izan daiteke beste aukera bat
Legatua testamentuan jasotzen den figura da, baina legatu gisa utzitakoa ez da kontuan hartzen. Izendatutako pertsona legatu-hartzailea izango da, eta ez oinordekoa; beraz, ez ditu bere gain hartu beharko testamentugileak izan ditzakeen zorrak, eta, formula horren bidez, ondasun edo eskubide jakin bat eman dakioke norbaiti. Opariaren legezko baliokidea dela esango genuke.
Araudiak edozein pertsonari, familiakoa izan edo ez, legatua egiteko aukera ematen badu ere, legezko oinordekoei ere aplika dakieke formula, legatua onartu ahal izan dezaten, alde batetik, eta herentziari uko egin ahal izan diezaioten, bestetik. Horrela, ondarearen zati bat babestuko da, eta saihestu egingo da senideek zorrak ordaindu behar izatea.
LABORAL Kutxan baditugu aseguru-soluzioak zorren estaldura, eta, ondorioz, bizitzan egindako ahaleginen bidez sortutakoa gozatzea bermatzen dutenak, hala nola gure bizi-aseguruak. Kontsulta iezaiozu aseguruen arloko zure espezialistari, hark aholkuak emango dizkizu, eta zuen egiazko beharren arabera egokiena zer den esango dizu.
Zein da zure erreakzioa?