Zer egiten dugu biodibertsitatearen alde LABORAL Kutxan?
2023-06-09
Zer egiten dugu biodibertsitatearen alde LABORAL Kutxan?
Aurten, 2023ko gure egutegiko ilustrazioek motibatuta, LABORAL Kutxan Nazio Batuen 2030erako Agendak ezartzen dituen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak lor daitezen laguntzeko zer egiten dugun kontatzen saiatzen ari gara hilabetez hilabete. Udari hasiera ematen dion ekaineko ilustrazioa Natalia Ros artista gasteiztarraren lana da, eta Garapen Jasangarrirako 15. Helburua irudikatzen du; helburu horrek dei egiten die mundu osoko gobernuei, enpresei eta herritarrei, basoak modu jasangarrian kudeatu, basamortutzearen aurka borrokatu, lurren degradazioa gelditu eta alderantzikatu eta biodibertsitate-galera geldiaraz dezaten.
Inoiz baino gehiago kezkatzen du eta kezkatu behar du gai horrek gizateria, eta pandemiak ageriago utzi baino ez du egin. Ekosistemen degradazioak harreman estua du gaixotasun zoonotikoak –animalietatik gizakiengana transmititzen direnak– modu kezkagarrian gehitu izanarekin, adibidez, koronabirusek –COVID-19ak kasu– eragiten dituztenak. Orain inoiz baino gehiago alderantzikatu behar du gizateriak lurreko ekosistemak suntsitzeko joera.
Biodibertsitatearekiko errespetua LABORAL Kutxaren arrisku-analisietan
LABORAL Kutxan, planetaren jasangarritasuna lortzen laguntzeko, Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko konpromisoa hartu genuenean, Nazio Batuen Erakundeak finkatzen dituen 17 helburuetatik bosti lehentasuna ematea erabaki genuen. Finantza-erakunde garen aldetik gure jarduerarekin harreman handiena dutenak eta gure estrategiarekin lerrokatuago daudenak aukeratu genituen: genero-desparekotasunak desagerraraztea (5. GJH), lan duina eta hazkunde ekonomiko jasangarria sustatzea (8. GJH), berrikuntza sustatzea (9. GJH), desparekotasunak murriztea (10. GJH) eta Garapen Jasangarrirako Mundu Aliantza biziberritzea (11. GJH).
Baina helburu horiek lehenesteak ez du esan nahi gainerako hamabi helburuak nolabait txertatuta ez daudenik arlo horretan jarduteko oinarrizko printzipioak finkatzen dituen eta finantza jasangarrien arloan aurrerapenak egiteko, Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak betetzeko eta gure jardueran Ingurumen-, Gizarte- eta Gobernantza-irizpideak txertatzeko ibilbide-orria ezartzen duen gure Jasangarritasun-politikan; esan nahi duena da, besteak beste, enpresen arriskua baloratzeko orduan, finantza-analisi tradizionaletik haratago joko dugula, eta kontuan izango ditugula klima-aldaketarekin zerikusia duten Gobernantza-irizpideak (G), pertsonen eta komunitateen eskubideei, ongizateari eta interesei dagozkien irizpide Sozialak (S) eta Ingurumen-irizpideak (I), enpresek ingurumenean duten inpaktua ardatz dutenak.
Gure bezeroen arriskua aztertzeko orduan kontuan izaten ditugun ingurumen-faktore horien artean, nabarmentzekoak izango lirateke hondakinen kudeaketa, berotegi-efektuko gasen murrizpena, uraren erabilera eta kudeaketa, ekosistemen babesa eta biodibertsitatearekiko errespetua, Nazio Batuen Erakundeak Garapen Jasangarrirako 15. helburuan jasotzen duena eta gure jarduera guztian presente dagoena.
Gure finantza-jarduerak ez du eraginik biodibertsitatean
Baina biodibertsitatearekiko errespetua ez da bakarrik LABORAL Kutxara finantza-baliabideak eskuratzeko jotzen duten enpresen eta erakundeen arriskua aztertzeko kontuan izaten dugun faktore bat. Gure kudeaketak Ingurumen, Gizarte eta Gobernantzako irizpideak (ISG) bete ditzan eta gure jarduerak ingurumenean ahalik eta inpakturik txikiena izan dezan ere arduratzen gara.
Ildo horretan, eta zehazki Garapen Jasangarriko 15. helburuari dagokionez, esan dezakegu LABORAL Kutxak garatzen duen finantza-jarduerak ez duela kalterik eragiten biodibertsitatean, ezta babestutako eremuetan ere.
Egur jasangarria gure egoitza nagusiko biomasa-instalazioetan
Gure jarduera guztian ingurumena zaintzeari lehentasuna ematen dion ingurumen-politika horren adibide da gure egoitza nagusia eraberritzeko proiektua; 2018an egin ziren eraberritze-lanok, jasangarritasuneko eta biodibertsitatea errespetatzeko irizpide zorrotzei jarraituz. Erregai fosilen erabilera murrizteko eta energia berriztagarrien alde egiteko, zegoen hozte-dorrearen ordez, geotermia-instalazioa jarri zen, eta gasolio-galdararen ordez, hemen bertako pinuaren egur-ezpalez elikatzen den biomasa-galdara.
Ezpala hemengoa eta, beraz, jasangarriagoa izateaz gain, distantzia handiko garraioen ondoriozko emisio guztiak saihesten baitira, hondakinik eta bernizik gabekoa da, atmosferara emisio kutsatzailerik ez egiteko. Gainera, erreketaren ondorioz sortzen den errautsa puntu berdeetan birziklatzen da, eta galdararen ke-aterabideak partikula-dekantagailua du, airera hondakinak askatzea eragozten duena.
Eraberritze-ekintza hura mugarria izan zen finantzen sektorean, eraikin nagusietarako A kalifikazioa jaso zuen lehenengo finantza-erakundea izan baikinen. Gaur egun, Arrasateko gure egoitzak AENOR erakundeak ziurtatutako ISO 14001:2015 Arauaren araberako Ingurumena Kudeatzeko Sistema du, eta erabiltzen dugun argindar guztia dator iturri berriztagarrietatik; horrek gure karbono-aztarna % 83 murriztea ahalbideratu digu. 2017an, 5.613 tona CO2 isuri genuen atmosferara, eta 2021erako 1.154 tonara murriztu ziren gure emisioak. Datuok oso esanguratsuak dira, zalantzarik gabe, ingurumenarekiko dugun konpromisoa eta biodibertsitatearen galera geldiarazteko gure esku dagoen guztia egiteko asmo irmoa dugula erakusten baitute.
Natalia Ros, bere lanean jasangarritasuna txertatzen duen ilustratzailea
Ekaina, udako solstizioa gertatzen den hilabetea, Natalia Rosek ilustratu du gure egutegian, gaur egun Bartzelonan bizi den ilustratzaile eta printmaker gasteiztarrak. Print is not dead eskuzko estanpazioko negozioa zuzentzen du han; artisautzako produktuak eskaintzen ditu bere negozioan, eta ondoen menderatzen dituen teknikei buruzko trebakuntza-tailerrak ematen ditu, hala nola lino-grabaketako, zigiluen fabrikazioko eta estanpazioko tailerrak. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Diseinu Grafikoko eta Ikus-entzunezko Diseinuko masterra egin zuen Bartzelonako Irudi eta Diseinuko Goi-mailako Eskolan (IDEP). Urteekin, eskuzko estanpazioko prozesu propioa garatu du Nataliak, eta jasangarritasuna da prozesu horren erdigunea. Xehetasunez zaintzen ditu alderdi guztiak –materialen hautaketa, online saltzen dituen produktuen packaginga–, bere lanak ingurumenean ahalik eta inpakturik txikiena izan dezan eta gauzak ahalik eta modurik jasangarrienean egiteko. Hasteko eta behin, lanerako erabiltzen dituen oihal eta paper guztiek dituzte haien jatorria erakusten duten ziurtagiriak edo zigiluak, eta ingurumenean ahalik eta kalterik txikiena eraginda eta esplotaziorik gabe ekoiztu direla bermatzen dute. Eta, gaur egun, plastikorik erabili gabe prestatzen ditu bere dendako eskari guztiak. Ur-tintekin lan egiten du, gainera, Nataliak, bai paperean, bai oihaletan, eta baliabide hori ahalik eta modurik jasangarrienean aprobetxatzeko modua aurkitu du, tanta bakar bat alferrik ez galtzen ahaleginduz eta erabilitako urak beste emari batzuk kutsa ez ditzan zainduz. Nola lortu du? Oso erraza da. Bere webgunean kontatzen duen bezala, palankana bat erabilita; dagoeneko erabili ezin duen ura lurrun dadin uzten du, eta hondakinak gorde egiten ditu, hondakinak birziklatzeko puntu berde batera eramateko. Gure egutegiko ekaineko ilustraziorako, errinozeronte bat aukeratu zuen Nataliak irudi nagusi gisa, animalia boteretsua, bere esanetan “ia mitologikoa”, aldi berean “bere habitata beste espezie, landare eta animalia batzuekin modu orekatuan partekatzen duena”. “Horiek babestea beren ekosistema babestea ere bada”, dio bere lanarekin ahalegina eta ideia berritzaileak edozein prozesu eraldatzeko eta jasangarri bihurtzeko gakoak izan daitezkeela erakusten duen artista honek.
|
Zein da zure erreakzioa?